Irrisarri Land Parkeak Gaztainaren I. Eguna antolatu du

TTIPI-TTAPA 2014ko azaroaren 7a

Adin guztietako lagunentzako jarduerak izanen dira igandean Igantzin

IrriSarri Land Igantziko abentura parkeak gaztainaren lehen eguna antolatuko du igandean, azaroak 9. Adin guztietako lagunentzako jarduerak egingo dituzte parkeko fruitu bereizgarriari, gaztainari, duen garrantzia aitortzeko. IrriSarri Landek parkeko fruitu bereizgarria den gaztaina omendu nahi du, elikaigaiaren propietate gastronomikoak, baita hari lotutako ohiturak eta kultura ere, azpimarratu asmoz.

Gaztainaren I. Eguna datorren igandean, azaroak 9, egingo dute. Egitaraua goizeko 11:00etan abiatuko da gaztaina bilketarekin. Gida (monitore) batek lagunduko ditu paisaia ibilbidea egingo duten bisitariak, eta bitartean parkeko txoko guztietan aurki daitezkeen gaztainen eta IrriSarri Landen arteko harremana azalduko die hainbat istorioren bidez. Paisaia ibilbidea interpretazio gunean hasiko da, Jauregiaren alboan dagoen bordan; bisitariek finkako ezaugarri, elementu eta natura ezagutuko dituzte bordako paretetan jarritako taulei esker, tartean, parkeko flora eta fauna, Jauregiaren historia, uraren garrantzia, kare-harrobia, belar-metak, ikaztegiak eta zentral hidroelektrikoak. Paisaia ibilbidea 3,5 kilometroko bidea da, eta finkari buruzko ezagutza zabaltzeko aukera eskaintzen du, hainbat mugarri baitaude espezie ezberdinetako zuhaitzen basoan, bazkatzen diren aberez beteriko zelaietan, eta inguruko mendi eta herrien ikuspegi bikaina eskaintzen duten gailurretan.

Ondoren, 14:00etan, parte hartzaile guztiek Jon Ugalde sukaldariak prestatutako gaztaina pure zoragarria dastatzeko aukera izango dute Jolastokian. 16:00etan gaztaina omentzeko marrazki, poesia eta bertso lehiaketa egingo dute, eta irabazleek T7 tirolina probatu ahal izango dute. 17:30etik aurrera, egunean zehar jasotako gaztainak jango dituzte, eta 18:30etik 19:00etara, azkenik, Gaztainaren I. Eguna borobilduko duen Oharkabe taldearen kontzertuaz gozatzeko aukera izango da.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.

Egin TTIPI-TTAPAren lagun