Erramun Martikorena kantariaren eta Beñat Mitxelena herriko akordeoilariaren eskutik kantaldia izanen da azaroaren 8an, larunbat arratsaldeko 7:30ean Arantzako eskolako gimnasioan, Udazkeneko Kulturaldia borobiltzeko.
Erramun azken boladan hainbat herritan kantaldiak eskaintzen dabil, bazkalondo eta ilunabarretan. Beñatek ere urte mordoska daramazki eskusoinuarekin eta herrietako inauteri edo bertzelako ospakizunetan akordeoia jotzen du. Iaz, Urrozko Artisau Egunean, bazkalondoan Martikorenak eskainitako kantaldian bera izan zen akordeoilari. Oraingo honetan ere, seguru saio ederra eginen dutela.