Ekitaldi zenbait aitzineko alean zehaztu baldin bagenituen ere, azaroaren 8an, 19:30ean, Erramun Martikorena kantariaren eta Beñat Mitxelena herriko akordeoilariaren eskutik kantaldia izanen da udazkeneko kulturaldia borobiltzeko. Azken aldaketarik ez bada, eskolako gimnasioan izanen da.
Erramun azken boladan hainbat herritan kantaldiak eskaintzen dabil, bazkalondo eta ilunabarretan. Beñatek ere urte mordoska daramazki eskusoinuarekin eta herrietako inauteri edo bertzelako ospakizunetan akordeoia jotzen du. Iaz, Urrozko Artisau Egunean, bazkalondoan Martikorenak eskainitako kantaldian bera izan zen akordeoilari. Oraingo honetan ere, seguru saio ederra eginen dutela.
KULTUR EGUN GEHIAGO
Ortziral honetan, 17:00etan, 3 eta 11 urteko haurrentzat ipuin kontalaria eta txokolatada izanen dira Baskulan. 19:30ean, berriz, heteroarauei buruzko Arrakala dokumentala ikusgai izanen da eta eztabaidarekin akautuko dute.
Azaroaren 1ean, Ekaitza Elkarteak antolatuta, XIX. Baserritarren Eguna izanen da. 10:00etatik aitzinera, plazan eta frontoian, herritarrek dituzten baserriko produktu, nekazal tresna, eskulan eta aziendez osatutako merkatu edo azoka izanen da. Aldi honetan ere, gazta eta ahari lehiaketak izanen dira eta bietan sariak izanen dira. Aurten, estreinako aldiz, Pelle Ttiki Haur Eskolaren bigarren eskuko jostailuen azoka izanen da. Edari eta pintxoak eskaintzeko ostatua ere paratuko dute.
Bezperan nahiz egun berean, postuak muntatu eta biltzeko lana izaten da. Hortaz, borondatea eta aukera dutenak ortziral honetan 18:00etan postuak paratzeko bilduko dira. Larunbatean, berriz, lagundu nahi dutenak 18:00etan postuak bildu eta frontoia garbitzera etor daitezke.
Azaroaren 2an, Ekaitza Elkartean, mus eta partxis txapelketak izanen dira 17:30ean hasita. Sari ederrak jokoan!