Beti Gazte elkarteak 2015ean hirutan hogeita hamabortz urte beteko dituela eta, urtemuga hori ospatzeko garatuko diren ekitaldiak eta jarduerak indentifikatzeko logotipoaren diseinua aukeratzeko lehiaketa deitu du. Lanak elkartearen egoitzan aurkezteko epea azaroaren 15eko 13:00ak arte irekiko da.
Lanak paperean edo euskarri digitalean aurkezten ahal dira, beti ere, DIN A4 neurrian. Digitalean, JPGn edo bektorialean aurkez daitezke, eta bai koloretan bai zuri-beltzean erabili ahal izanen diren logotipoak lehenetsiko dira. Gaia nahiz koloreak libre dira, baina elkartearen koloreak erabiltzea (berdea, zuria, horia) baloratuko da. Lehiakide bakoitzak nahi bertze lan aurkez ditzake.
Diseinu guztiak hartu eta Beti Gazte elkartearen webgunean (www.betigazte.net) emanen dira argitara eta bazkideek abenduaren 1a arte botoa eman ahal izanen dute aukeratzeko zein diren hiru diseinurik hoberenak. Aukeratutako hiru hoberenen artean, Zuzendaritza Batzordeak erabakiko du zein den irabazlea. Saritutako hiru lanak Beti Gazteren esku geldituko dira. Gainerakoak, erakusketa-aldia bukatu ondotik itzuliko dira. Lehenbiziko saria 200 eurokoa izanen da eta bigarren eta hirugarren sarirako, bakoitzak 50 euroko akzesita izanen du.
Aukeratzen den logoa Beti Gaztek erabiliko du 75. urteurrena ospatzeko burutuko diren jardueretan edo egoki iruditzen zaion bertze edozeinetan. Arropen diseinuetan, karteldegian eta bertze euskarrietan ere erabili ahal izanen du.