Bortzirietako Bertso Eskolak, Lesakako Udalaren eta Bortzirietako Euskara Mankomunitatearen laguntzaz antolatutako Bertso Zikloak segida izanen du asteburu honetan Lesakan, hitzordu bikoitzarekin. Azaroaren 1ean Zahar Etxeko saioa eskainiko dute bertso eskolako kideek 17:00etan eta 23:00etan Lesaka eta Durangaldearen arteko desafioa Haizeguan.
Lesakako taldean Eneko Fernandez, Josu Sanjurjo eta Ioar Tainta ariko dira eta Durangaldekoan Abarkas, Erika Lagoma eta Gorka Lazkano. Beratarrak izanen dira gai-jartzaile.
Azaroaren 8an, azkenik, gaztain jatea eginen da Basurden 20:00etan hasita. Sustrai Colina eta Jon Maia ariko dira bertsotan, Josu Goikoetxearen gidaritzapean. Txartelak 5 eurotan daude salgai.