Azken urteetako ohiturari eutsiz, Berako Abesbatzak Tolosako Nazioarteko Lehiaketan parte hartze duen abesbatzetako bat ekarriko du San Esteban elizan kantatzera. Nafarroako Abesbatze Federazioak antolatua eta Berako Udalak babestuta, Nafarroako Nazioarteko XX. Ziklo Kolararen barnean eginen da ekitaldia. Zehazki, Letoniako Riga hiriburuko Maska Youth Choir abesbatza izanen da kantuan azaroaren 1ean, larunbatean 20:00etan. Sarrera 6 euro kobratuko da.
Maska Abesbatza
Xarma, estilo eta musikaltasun berezko eta apartekoak elkartzen ditu Maskako korukideak. 2000. urtean sortu zenetik, Jānis Ozols sortzailea izan dute buru eta zuzendari. Korukide guztien laguna izateagatik ere, serioa eta zorrotza da entseguetan. Jānisek bi laguntzaile handi ditu Maskarekin egindako lanean: Laura Jekabsone, koru-maistra, eta Jānis Strazdins, ahots-pedagogoa. Maskako talde sortzailea beti dago prest tokiko zein atzerriko erakunde eta koru-elkarteekin lan egiteko eta korukideek maiz abesten dute beste taldeekin batera kontzertu eta ekitaldietan. Maska harro dago, ez soilik Letonian, baita atzerrian ere, lortutako arrakasta handiaz. Sorberria zenetik, elkarteak emandako itxura gaztea ez ezik, anbizio eta etorkizun handikoa ere izan da. Atzerrian lortu zuen lehen arrakasta garrantzitsua; hain zuzen, Herbeheretan, non hainbat urre-domina irabazi baitzituen "TONNEN 2000" Kantu Koralaren Nazioarteko Lehiaketan. 2008an, atzerrian hainbat jarduera gauzatzeaz gain, arrakastatsu izan zen Letoniako txapelketetan: horrela, Riga eskualdeko abesbatza hoberenari saria jasotzeaz gain, Letoniako hiri-abesbatza hoberenari saria ere eraman zuten XXIVI Latvian Song and Dance Festival Jaialdian. 2010ean, Goriziako (Italia) 49. "Seghizzi" Kantu Koraleko Nazioarteko Lehiaketan, abesbatzak Sari Nagusia eraman zuen eta Jānis Ozolsek lehiaketako zuzendari hoberenari saria jaso zuen. 2011an, Bartzelonan ospatutako "Europe and its songs" Kantu Koralaren Nazioarteko Lehiaketaren 13. edizioan, Sari Nagusia eramateaz gain, puntu-kopuru maximoa (100 puntu) jaso zuen; lehiaketaren 13 urtetan lehenbiziko taldea izan zen, halakorik lortzen zuena. 2012an, "Harald Andersen" Abesbatza Lehiaketa ospetsuko Sari Nagusia irabazi zuten Helsinkin.
Bertze aldetik, Berako Abesbatzak gogorarazi nahi du abestea gogoko duten guzientzat ateak zabalik dituela. Heldu den urtea lasaixeago hartu nahi dute, errepertorio zabala errepasatzeko eta abesti berriren bat ikasteko. Halere, bertze urte batez, Queimararen Kofradiako ekitaldietan parte hartuko du abesbatzak Donostiako Udaletxean abenduaren 7an.