Lurraren Egunaren 28. edizioak jendez gainezka bete zituen Berako karrikak

TTIPI-TTAPA 2014ko urriaren 27a

Barazkiopil lehiaketa irabazi zuten Manttaleko neskek. Jose Mari Telletxea

Berako Garmendikobordako Socorro Almandozek irabazi zuen gazta lehiaketa eta Alkaiagako Patxi Pikabeak sagardoarena

Eguraldi eguzkitsu eta epela lagun, jendetza bildu zen urriaren 26an Beran, Gure Txokoak hogeita zortzigarren aldiz antolatutako Lurraren Egunean. 107 eskulangileren eta 37 elikadura produktuen postuak hedatu ziren Altzateko karrikan, Altzateko Plazan, Ricardo Baroja eskolan eta Illekuetako zubiko bertze aldean ere, Merkatuko Plazan. Ikusi argazkiak

Eguraldi eguzkitsu eta epela lagun, jendetza bildu zen urriaren 26an Beran, Gure Txokoak hogeita zortzigarren aldiz antolatutako Lurraren Egunean. 107 eskulangileren eta 37 elikadura produktuen postuak hedatu ziren Altzateko karrikan, Altzateko Plazan, Ricardo Baroja eskolan eta Illekuetako zubiko bertze aldean ere, Merkatuko Plazan. Ikusi argazkiak

Horretaz gain, Bortzirietako hazi bankuan egiten ari diren lana edo etxeko konposta egiteko Mankomunitatearen postuak ere jarri zituzten.

Bien bitartean, 27. Gazta lehiaketako eta 16. Sagardo lehiaketako epaimahaiak lanean ari ziren, azken hauek Karnesenean, Altzateko etxe historikoan.

Gazta lehiaketan hamar ale aurkeztu ziren eta horien artean, Berako Garmendikobordako Sokorro Almandozek eraman zuen 300 euroko lehen saria eta Arantzako Tuanekobordako Marisol Almandozek bigarrena, 100 eurokoa. Biak ahizpak dira. Sagardo lehiaketara, berriz, 17 botil sagardo aurkeztu ziren eta horien artean, Alkaiagako Patxi Pikabea Zubietak aurkeztutakoak eskuratu zuen 200 euroko lehen saria. 75 euroko bigarren saria Lesakako Buenosaireseneako Josefa Almandozek irabazi zuen.

Egun osoan, besta giroa bizitu zen Beran eta horretan lagundu zuen Irastortza ahizpen trikitixa taldeak, musika bandak, txistulari eta txalapartari taldeek eta musika eskolako talde zeltiarrak. Ikastetxe ezberdinetako ikasleek ere, bere produktuak eta zozketak salgai paratu zituzten, gehienek ikasbidaiak ordaintzeko. Lurraren Eguneko lantaldeak taloak prestatu zituen. Ikastolako aretoan, Rosa Errandoneak paratutako argazki erakusketa ikusgai izan zen, Julio Caro Baroja protagonista zuena. Aurtengoan, Berarekin halako harreman estua izan zuen etnografo ezagunaren jaiotzaren mendeurrenean, ezin baitzitekeen bertzela.

Bezperan, zortzigarren barazkiopil lehiaketa ere egin zen. Trikitilariek eta Bera Kantuz taldeak giroa ederki berotu zuten. Hamar koadrilen artean, Manttale atletismo taldeko emakumeek (Irene Matxiarena, Begoña Larralde, Garbiñe Iguaran eta Itsaso Irigoien) lortu zuten lehen saria, 100 euro eta kaja bat ardo. Meritu bikoitza, pixko bat lehenago Lizuniagako Igoeran parte hartuak baitziren batzuk. Bigarren saria, kaja bat ardo, Errestan taldearentzat izan zen eta hirugarren postua Tomas Telletxea eta Ion Ariztizabalentzat.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun