IrriSarri Landek bizikletaren festa antolatuko du asteburuan

TTIPI-TTAPA 2014ko urriaren 24a

Lehendik ere Four Crossa probatua dute Igantziko gaztetxoek. Artxiboko argazkia

Haur eta helduentzako Four Cross lasterketak egingo dituzte Igantzin, eta jauziak entseatzeko airbag-a jarriko dute

Parkean egin daitezkeen espezialitateak ezagutzera emateko, Jai Bike bizikletaren festa antolatuko du asteburuan Igantziko IrriSarri Landek. Haur eta helduek hainbat jarduera probatu ahal izango dituzte, hala nola, gure inguruan berria den Four Cross modalitatea.

Parkean egin daitezkeen espezialitateak ezagutzera emateko, Jai Bike bizikletaren festa antolatuko du asteburuan Igantziko IrriSarri Landek. Haur eta helduek hainbat jarduera probatu ahal izango dituzte, hala nola, gure inguruan berria den Four Cross modalitatea.

Four Cross-a mendiko bizikleta modalitate bat da. Jaitsierak eta BMXa bateratzen ditu, eta lau txirrindulari elkarren aurka lehiatzen dira jauzi eta oztopodun zirkuituan. IrriSarri Landeko Dirt Parkeko pistak jarduera hori praktikatzeko prestatuta daude. Horregatik, asteburuko programak haur eta helduentzako lasterketak barneratuko ditu. Parte-hartzaileek egunean bertan eman beharko dute izena, beti ere, Baxiko Tiketa edota eguneko forfaita erosita.

Baina parkeko Bike eta Jarduera arduradunek beste hainbat ekintza prestatu dituzte astebururako, hala nola, airbag erraldoia. Biker ausartenek jauziak eta itzulipurdiak probatu ahal izango dituzte, jarraian aire-poltsara erortzeko. Izan ere, airbag-ak trikimailuak minik hartu gabe entseatzeko aukera eskaintzen du.

Gainera, Dirt Jump eta Down Hill modalitateetan aritzeko aukera izango da (azken horretan mendian behera jaisten dira txirrindulariak, eta ibilbidea azkarren egiten duena da garailea). Parkeko arduradunek espezialitate horietako rider garrantzitsuak gonbidatu dituzte festara. Ikusle gisa joateako ez da sarrerarik ordaindu beharko.

Besta larunbatean eta igandean egingo dute, 15:00etatik 19:00etara. Larunbatean, 20:00etatik aurrera DJ Reagge Gaua ere eginen dute.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun