Ohiturari eutsiz, urriko laugarren igandean ospatuko da Lurraren Eguna Beran. 28. edizioa beteko du Gure Txokoak Kultur Batzordearen laguntzarekin antolatutako ekitaldiak eta hilaren 26an eginen da.
Bezperako egitaraua ere urtetik urtera osatuagoa izaten da. 15:30ean ttikien lasterketak eginen dira eta 17:00etan Lizuniagako igoera. 18:30ean urten, zortzigarren edizioa beteko duen barazki opil lehiaketa eginen da Altzateko frontoian eta trikitilariak ere izanen dira. 19:00etan Julio Caro Barojarekin lotutako Rosa Errandonearen argazki erakusketa Ikastolako aretoan.
Igandea izanen da egun nagusia. 09:00etarako lehiaketarako barazkiak, gaztak eta sagardo botilak eraman beharko dira Ricardo Baroja eskolara. 10:00etatik aitzinera eskulangile eta elikadura azoka eta barazki erakusketa eginen dira Altzaten. 10:30ean txalaparta, zeltiar musika eta Irats trikitilariak izanen dira Altzateko plazan. 11:00etan hasiko da 28. Gasna lehiaketa eta Berako trikitixa eskolakoak kalejiran abiatuko dira. Eguerdian, 17. Sagardo Lehiaketa eginen da Karnaxenean eta kalejiran aterako dira Musika Eskolako eta bandako musikariak. Bi lehiaketetan parte hartzeko Bortzirietako ekoizlea izan behar da. Gazta lehiaketa irabazten duenak 300 euroko saria eta oroigarri bat eramanen ditu eta bigarrenak 100 euroko saria. Sagardo lehiaketako irabazleak, berriz, 200 euro eskuratuko ditu eta bigarrenak 75 euro.
Arratsaldean ere segituko du bestak. 16:30ean hasita Altzateko Plazan herri kirolak izanen dira. Talde mistoak aizkoran, arpanan eta harri altxatzen ariko dira. Sari banaketa eginen da bertsolariekin, enkantea, dantzarien saioa, txaranga eta dantzaldia, Oharkabe taldearekln. Egun guztian musika, taloak, eta jaki eta edariak dastatzeko aukera izanen da. Euria egiten badu ekitaldiak Altzateko frontoian eta kiroldegian eginen dira.
Dendak ateak zabalik
Joan den urteko esperientzia ona izan zela eta hainbat lagun Berara hurbilduko direla aprobetxatuz zenbait dendek ateak irekiko dituzte igandean. Zehazki, Agara Kirolak, Zela Kirolak, Oinatz zapatadenda, Arturo, Martzutzak eta Domo-Service komertzioetako ateak zabalik izanen dira igandean.