Urriko udal informazioan, Amabirjinetako gastuen berri xehea eman dute. 15.000 euro gosta dira bestak eta %40 arratseko musikan joaten da. Herri bazkaria aurrekontutik kanpo dago, partehartzaileak ordaintzen baitu eta bestetako programa ere iragarkia jartzen dutenek ematen dutenarekin ordaintzen da.
Bertzalde, herriko langileak ur isuriak konpontzen aritu dira. Ur mozketaren bat egin da eta egindako lanean lau isuri aurkitu dituzte. Azken aldian, ur depositua ez dela behar bezala betetzen ere ikusi dute eta deposituan isuri haundiren bat ote dagoen susmoa dute.
Herriko langileei dagokienez, irailaren 9ra arte, Ibai Etxeberria aritu da. Lanpostuak urriaren 31ra arteko luzapena zuenez, INEMen arabera, langabezian denbora gehien zeraman Juan Mari Indakoetxea Maiz, irailaren 10etik kontratua akautu arte lanean ariko da.
Udaletik herrian autoak ongi aparkatzeko ere eskatu dute. Zakurren kaken arazoak jarraitzen duela eta arratsetan libre dabiltzan zakurren zaunkengantik kexuak jaso dituztela ere adierazi dute.