Euskara Batzordeak antolatuta, Kultur Egunak izanen dira urriaren 31, azaroaren 1 eta 2an.
Azaroaren lehenean, XIX. Baserritarren Eguna izanen da eta egunaren antolatzailea den Ekaitza Elkarteak egun hau aitzinera ateratzeko herritarren laguntza eskatu du eta azokan parte hartzera animatu ditu.
Azokara baserriko produktuak, nekazal tresnak, eskulanak eta aziendak ekar daitezke. Aziendei dagokionez, ardi eta ahuntzen kasuan, guttienez zazpi buruko loteak ekartzearen alde 40 euro emanen zaizkio jabe bakoitzari. Abreetan, gehienez hiru buruko loteak izanen dira eta buruko 10 euro ordainduko dira; behikietan, bi buruko lotea ekarri behar da guttienez eta 15 euro ordainduko dira buruko.
Gazta eta ahari lehiaketak ere eginen dira: gazta bakoitzeko 15 euro emanen zaizkio lehiakideari eta horrez gain, lehen saria 60 eurokoa izanen da, bigarrena 40koa eta hirugarrena 20koa. Ahari lehiaketan, lehen sarituak 50 euro hartuko ditu eta bigarrenak 25.
Parte hartu nahi duten herritarrek hilaren 23a baino lehen arduradun hauei erratea nahitaezkoa da: aziendak ekartzekotan Iker Iguzkiagirreri abisatu, postua paratu nahi bada Gabi Goia edo Ixabel Danborienari eta gazta lehiaketan parte hartzeko Mirari Maiz edo Gurutze Pikabeari.
Elkartetik laguntza ere eskatu dute. Mahaiak muntatzeko urriaren 31n, 18:00etan plazan hitzordua jarri dute eta azaroaren 1ean, ordu berean, bildu eta frontoia garbitzeko gelditu dira.
Gainerakoan, urriaren 31n, 3-11 urteko haurrentzat ipuin kontalaria izanen da Baskulan 17:00etan. Ondotik, txokolatada izanen da Guraso Elkartearen eskutik. 19:30ean, Arrakala dokumentala eskainiko da, heteroarauei buruzkoa, eta ondotik eztabaida izanen da Gazte Asanbladak antolatuta.
Azaroaren 2an, 17:30ean Ekaitza Elkartean, mus eta partxis txapelketak izanen dira.