Nafarroako Enduro Openeko azken proba Irrisarrin egin da

TTIPI-TTAPA 2014ko urriaren 16a

Four Cross proban parte hartu zuten herriko gaztetxoak. Utzitako argazkia.

Aretxabaletako Markel Uriartek irabazi du txapelketa

IrriSarri Landek Nafarroako I. Enduro Openeko azken proba antolatu zuen. Abentura parkeko instalakuntzetan egin zen urriaren 4an eta 5ean. Azkenean, Aretxabaletako Markel Uriarte Urrutia suertatu zen txapeldun, Honda­rribiako Beñat Oronoz Gorrotxategi eta Elgetako Txomin de Vega Izagirreren aitzinetik.
 
Horrez gain, Four Cross (mendiko bizikleta diziplina bat) egiteko aukera izan zuten 8 eta 13 urte arteko haurrek, eta Funbox Factory-ren eskutik, Dirt Jump erakustaldia eskaini zuten Martxel Arribillaga, Ibai Gaztelumendi eta Mikel Lazkanok.
 
Irrisarriko zirkuituak, banaz bertze, 15 km eta 900 metroko desnibel metatua ditu. Automatikoki neurtutako hiru zirkuitu izan ditu, eta haiek lotzeko, neutralizatutako hiru zati. Arra­tsaldean parte hartzaileentzako festa ere izan zen; DJak, haurrentzako Four Cross lagunarteko lasterketa, Dirt Jump erakustaldia eta sari banaketa. 
 
IrriSarri Land Enduro proba Nafarroako I. Enduro Openeko hirugarrena izan da. Sakana Krew, Cycla Bike eta IrriSarri Bike izan dira antolatzaileak. Lehen lasterketa Arbizun egin zuten maiatzaren 31n eta ekainaren 1ean, eta bigarrena Zubirin, irai­laren 7an.
 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun