San Fermin erretiratuen elkarteak, udalaren laguntzaz jubilatuen eguna antolatu du urriaren 24an. Urtero bezala, Urrezko Ezteiak eta 85 urte betetzen dituztenei omenaldia eskainiko zaie. Aurten, 50 urte ezkondurik bete dituzten Lorenzo Fragoso Cañamero eta Dominga Lopez Giraldo eta 85. urtebetetzea egin duten Josefina Sagardia Alzugarai, Jose Mitxelena Abanz, Jose Irurieta Petrirena eta Jose Otxoteko Almandoz omenduko ditu CAN Fundazioak. 12:30ean Meza Nagusia ospatuko da San Martin elizan. 13:30ean Aurreskua dantzatuko zaie omenduei Plaza Zaharrean. 14:00etan bazkaria izanen dute frontoian, honako menu honekin: hasteko, urdaiazpiko egosia eta ondua, pate, zainzuriak, txibierroak eta kroketak, ganbak plantxan eta entsalada; segidan, bildots errea patata frijituekin eta postrerako petixux kremadunak txokolatearekin, dena ardoa, cava, kafea eta likoreekin bustia. Bazkarirako izen ematea urriaren 15a arte egin daiteke, Nafarroako Kutxako bulegoan edo San Fermin elkartean, 34 euro ordainduta.
Bazkalondoan, omenaldia eskainiko zaie aurtengo protagonistei, txapelketa ezberdinetako sariak eta trofeoak banatuko ditu San Fermin Elkarteak eta dantzaldia ere izanen da.