IRAILAREN 27KO EZ OHIKO BATZARREAN

TTIPI-TTAPA 2014ko urriaren 16a

Gure Txokoa elkarteak ez ohiko batzarra burutu zuen irailaren 27an, zuzendaritza batzordea berritzeko asmoarekin. Gai garrantzitsua izan arren, deialdiak ez zuen arrakasta handiegirik izan, 20-30 bat bazkide bertzerik ez baitziren aukeztu. 
 
Angel Ponbar presidente ohiak lau urteotako balantze gazi-gozoa egiten zuen idatzia irakurri zuen eta Gure Txokoa bezalako elkarte bat «gogo eta konpromisuarekin» aitzinera atera daitekeela azpimarratu zuen. «Gure Txokoak herrian egiten duen lana baloratua ez dela» iruditu arren, ai­tzinera egin dute eta bidean lagun izan dutenak eskertu nahi izan zituen Ponbarrek. Modu berean, azpima­rratu nahi izan zuen Iamoteneako ostatuan egindako obra eta bereziki zuzendaritzako bodegeroek egindako lana, «ostatuko kontuetan defizita edukitzetik irabaziak edukitzera pasatu garelako, bodegeroena benetan lan lotua da eta gure ustetan zuzendaritza berriak nola antolatu pentsatzeko moduko gaia».
 
Eskutitza irakurri ondotik, zuzendaritza batzorderako norbait aurkez­ten ote zen galdegin zuen presidente ohiak eta Patxi Castillo, Carlos Pacheco eta Jaione Dozagarat-ek aurkeztu zuten beraien burua. Beraz, hiru lagun hauek, bokalia ezberdinetako ordezkariekin batera osatzen dute zuzendaritza batzorde berria. Hain zuzen, Iñaki Eskudero (dantza); Joseba Errandonea (txirrindularitza); Jose (areto futbola); Elzaurdia, Lazkanotegi eta Mitxelena (pilota) eta Luis Irazoki eta Angel Ponbar (futbola).
 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun