Labiaga Ikastolak 40. urteurrena ospatuko du ikasturte honetan. Urte osoan kultur eta kirol ekitaldiak antolatzeko asmoa dute eta lehenbizikoa urriaren 4an egin zuten. Ikastolako sortzaileak izan ziren Josu Goia, Espe Aranibar, Bego Aranibar, Bixente Taberna, Antton Erkizia, German Goienetxe eta Ixa Ordoñez omendu zituzten, Aurreskua dantzatu eta oroigarri bana emanez. Modu berean, lehenbiziko irakaslea izan zen Berroetako Pili Gartxitorena zenari ere omenaldia egin zitzaion eta bere ordez, alargunak eta semeak hartu zuten oroigarria. Labiagaren 40. urteurreneko lehen ekitaldiari hasiera emateko, Ikastolaren egoitza izan diren eraikinak kalejira baten bidez lotu zituzten. Haur Hezkuntzako eta Lehen Hezkuntzako ikasleak hartzen dituen Eztegarako eraikinetik altxaferoa bota ondotik, Herriko Etxera joan ziren, gero Lagun Etxera eta azkenik, DBHko ikasleak hartzen dituen Altzateko ikastolara. Haurren jokoen ondotik omenaldia eskaini zitzaien sortzaileei eta lehenengo irakasleari. Ondotik, 350 lagun inguru bildu ziren Altzateko frontoian egindako bazkarian.