Berako Iturlandetako beilatoki proiektuak zer errana sortzen du oraindik, eraikuntza lanak hasiak direnean. Bizilagunek agerraldia egin zuten irailaren 30ean lokalaren atarian, beilatokia toki egokian behar duela eskatuz. «Berako herriak balio erantsia izaten ahal du, herriaren erdian eraikin propio bat egiten bada, erosoa, sarrera erraxa duena eta aparkatzeko toki nahikoarekin. Berako herrian badaude horrelako baldintzak betetzen dituen eremuak», adierazi zuten.
Apirilaren 25ean beilatokia Iturlandetan eginen zela aditu zutenetik gaurko egunera egin dituzten harat-honatak azaldu zituzten bizilagunek. Hain zuzen, hasieratik udal ordenantza aldatzeko eskaera egin zuten eta horren alde 800 sinadura aurkeztu badituzte ere, bizilagunek salatu dute Udalak ez duela bizilagunen iritzia eta ikuspuntua kontuan hartzen.
Marisol Taberna alkateak aipatu du «alde guziak ados gaudela ordenantzen aldaketak ez lukeela eraginen onartua dagoen lizentziari, berez ez zaigu lehentasunekoa iruditzen ordenantza aldatzea». Udalak solasteko borondate eskasa duela ere salatu dute bizilagunek eta horri erantzunez, alkateak dio «eskatu duten guzietan bildu gara, kontua da gero beraiek erraten dutenarekin konforme egotea edo ez, pentsatzen dut ados ez egoteko eskubidea ere izanen dugula».
Irailaren 2an hasi ziren beilatokiaren lanekin Iturlandetan. Bizilagunek, irailaren 13an Elizaren bitartekaritza eskatu zuten eta Lesakako erretora Iracheko arduradunekin solastu zen eta hiru aldeko kideak (bizilagunak, Udala eta Irache) esertzeko eskaera egin zien, «baina gure proposamenak baztertu dituzte eta ez dira jarri solasteko». Alkateak dioenez, «Iokal hori erosten interesatua dagoenak egin behar dio proposamena jabeari eta ez dagokio udalari partikularren arteko salerosketa harremanetan sartzea».
BILDUREN OHARRA
Bilduk bere desadostasuna adierazi du Aralar eta EAJko udal taldeek gai honen inguruan izan duten jarrera eta aferaren kudeaketa moduekin. Beilatoki zerbitzua herriarentzat hagitz garrantzitsua denez, «hausnartze eta eztabaida prozesu bat merezi du eta, zergaitik ez, galdeketa edo partehartze prozesu bat, adibidez erabakitzeko lehentasunezko zerbitzua den, edo egokia den zerbitzu publikoa egitea edota eraikin publiko bat ahalbidetzen ahal den zerbitzu hori enpresa pribatu batek eramateko».
ARARTEKOA
Nafarroako Arartekoak ere erantzun egin die Iturlandetako bizilagunek beilatokiaren inguruan agertutako kexari. Arartekoak idatzia igorri dio Udalari, bizilagunek eskatzen zuten moduan Udal Plan Orokorra aldatzea eta beilatokiarendako bertze kokapen bat bilatzea iradokiz. Udalak Arartekoaren txostenetik ondorioztatzen du zuzen jardun duela, eta hartu dituen erabakiak legearen baitan hartuak izan direla. Arartekoaren txostena gomendio mailakoa baino ez da eta bertan egiten dituen proposamenek Udalarentzat zein ondorio juridiko eta ekonomiko lituzkeen aztertzeko txosten juridikoa eskatu du.