Berako Iturlandetako beilatokiko lanak hasiak dira, baina zer errana sortzen du oraindik egitasmoak. Urriaren 14an, bizilagunak Herriko Etxeko Plazan bildu ziren, berriz ere beilatokia toki egokian kokatzea eskatuz. Ondotik, udal batzarrera eraman zuten beraien eskariak eta galderak.
Udal batzarra bukatu zenean zenbait galdera egin zizkieten Iturlandetako bizilagunek udal ordezkariei. Bertzeak bertze, gaur egun lanean dagoen beilatokiko patronatuaren funtzionamenduz eta Irache enpresarekin dagoen kontratuaz galdegin zuten, «baina ez dugu erantzunik jaso», bizilagunek aipatu dutenez.
Arartekoaren iradokizunak
Nafarroako Arartekoak ere erantzun egin die Iturlandetako bizilagunek beilatokiaren inguruan agertutako kexari. Arartekoak idatzia igorri dio Udalari, bizilagunek eskatzen zuten moduan Udal Plan Orokorra aldatzea eta beilatokiarendako bertze kokapen bat bilatzea iradokiz. Horren inguruan ere galdetu zuten bizilagunek urriaren 14ko udal batzarraren ondotik. Udalak, bi hilabeteren barrenean erantzunen die Arartekoaren irdaokizunei, baina honen txostenetik ondorioztatzen du zuzen jardun duela, eta hartu dituen erabakiak legearen baitan hartuak izan direla. Arartekoaren txostena gomendio mailakoa baino ez da eta bertan egiten dituen proposamenek Udalarentzat zein ondorio juridiko eta ekonomiko lituzkeen aztertzeko txosten juridikoa eskatu du Berako Herriko Etxeak.
Iturlandetako bizilagunek ondorioztatu dutenez, «900 bizilagunen eskaria eta Arartekoaren txostena hor egon arren, ez dago borondaterik deus aldatzeko».