Lesakako Beti Gazte elkarteak 75. urteurrena ospatuko du 2015ean. «75 urte bete eta beti gazte izaten segitzea» edonolako gauza ez delakoan, merezi bezala ospatu nahi du zuzendaritza batzordeak urtebetetze hori eta horretarako kirol ekitaldiak, kultur jardunaldiak, erakusketak, hitzaldiak eta bertze hainbat ekintza prestatu nahi dituzte. Helburu horrekin, eskutitza igorri die bazkideei, beraien ideiak, gogoak, nahiak… Zuzendaritza Batzordera helarazteko eta sortu behar dituzten batzordeetan parte hartzeko.
Beti Gazte elkartea 1940ko abuztuaren 9an eratu zen, eta orain arteko ibilbidean arlo aunitzetan egin du lan, gehien bat kirol eta kultur arloan eta gazteei zuzendutako jardueretan. Orain, 75. urteurreneko ospakizunak prestatzeko bazkideei laguntza eskatu die, «kontuan hartu behar baitugu, zenbat eta gehiagok parte hartzen dugun, orduan eta arrakastatsuagoa izanen dela ospakizun hori».
Jose Luis Sunsundegi presidente duen Zuzendaritza Batzordea ortzegunero biltzen da elkartearen egoitzan, Alondegiko lehen solairuan, ilunabarreko 8etan. «Hortxe egonen gara zuen zain, ea denon artean gure elkarteak merezi dun bezalako urtemuga ospatzen dugun» erranez bukatzen da bazkideei igorritako eskutitza.