Urriaren 19an izanen da Usategietako igandea. Goiz-eguerdi bitartean Andra mari dantza taldearen alde dirua biltzeko, talo postua jarriko du Altxatak Lizaietan. Herrian, Etxalarko Udalaren eskutik 18:30etik 21:30era Gaubela taldearen erromeria izanen da. Bitarte horretan Altxatak ostatua jarriko du frontoian pintxo eta bokadiloak ere eskainiz. Urriaren 19rako, igandea, goiz eta arratsaldez ostatuan txandak egiteko gurasoen laguntza beharrezkoa dela gogorarazi du Altxatak.
Bezperarako ere ekitaldiak aurreikusita daude Euskara batzordearen eskutik. Larunbatean 18:30ean Kokakola eta barea antzerkia izanen da kultur etxean; Ramon Agirre eta Inazio Tolosa aktore ezagunen eskutik. Ondotik plazan Beira taldearen emanaldia izanen da, pintxoak, gaztain erreak eta sagardoarekin batera.
Bisita gidatuak Usategietan
Urriaren 1ean hasi zen 2014ko Etxalarko Usategietako sare bidezko uso harrapaketa sasoia. Urriaren 3an berriz, tradizio xahar hau ezagutzeko bisita gidatuak martxan jarri ziren; aurtengoarekin 12 urte betetzen direlarik bisitak hauek antolatzen hasi zirenetik. Urtero bezala, azaroaren 20ra bitarteko ortziral, larunbat eta igandeetan burutuko dira bisitak, goizeko 9:30ean, 11:00etan eta 12:30ean. Bisitaren iraupena, 60 minutu ingurukoa da eta prezioa 4 eurokoa pertsonako; 10 pertsona baino gehiagoko taldeek berriz 3 euro ordaindu behar dituzte pertsonako. Interesatuak (690) 26 77 56 telefonora deitu behar dute edo usategiak@etxalar.org helbidera idatzi.