Bertze urte batez ez da aspertzeko astirik izanen Etxalarko Gazte Egunean. Urriaren 11ko hirugarren ediziorako egitarau zabala prestatu dute eta bestabusa ere izanen da Bortzirietatik, joan-etorriko ordutegi zabalarekin.
10:00etan gosaria izanen da Anttonion. 11:30ean paella txapelketa. (3 laguneko taldeak zozketa bidez eginen dira eta osagaiak libreak). 14:00etan bazkaria frontoian (txapelketan parte hartzen dutenek 5 euro; bertzeek 8 euro). 17:00etan gazte jokuak. 20:00etan trikipoteoa. 21:30ean bokatada eta 22:30ean kontzertuak: Kalera, En Tol Sarmiento, Ingoaldeu eta DJ Mattin Maia.
Bestabusa
Bortzirietako Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateak antolatuta Bestabusa ibiliko da larunbat arratsean eta igande goizaldean Etxalarrera harat-honatean. Larunbatean 20:15ean abiatuko da lehen autobusa Beratik eta Lesakako suhiltzaileen parketik pasatuta (20:30) Etxalarrera joanen da. 22:00etan abiatuta ibilbide bera eginen du bigarren autobusak. Arantzatik 21:15ean eta 23:00etan abiatu eta Igantziko Bi-Biden ordu laurden beranduago pasatuz, Etxalarrera bidea hartuko du autobusak.
Itzulerako ordutegiei dagokienez, 01:00etan, 02:45ean, 05:00etan eta 06:45ean abiatuko da Lesakara ordu laurden beranduago eta Berara ordu erdi beranduago ailegatuko den autobusa. Igantzi eta Arantzara bueltatzeko, berriz, 01:45ean, 03:30ean, 05:45ean eta 07:30ean abiatuko da autobusa Etxalartik.
Joan-etorria 5 euro ordaindu beharko da.