Condesa Taldeko Zalain Transformados lantegiko langileek urriaren 3an egin den batzarrean onartu egin dituzte taldeko lantegi guztietan planteatzen den mobilizazio egutegia. Lehenengo mobilizazioa urriaren 8an, hurrengo asteazkenean izanen da, 13:00tatik 15:00tara eginen den geldialdiarekin eta kontzentrazio batekin Zalaingo poligonoko lantegiko sarrerako bidegurutzean.
Urriaren 3an egindako batzarraren ondotik Langileen Batzordeak jakinarazi duenez, «Lesakan dagoen Zalain Transformados lantegiak egoera traketsean segitzen du, Condesa Taldeko bertze lantegiak bezalaxe, lehengaia faltagatik, eta uztailaren 14tik Konkurtso aitzineko egoeran egonik». LAB sindikatuko Julen Mitxeltorenak aipatu duenez, «konkurtsoan sartzeko epea agortzen baldin bada gauzak erabat aldatu daitezke, juridikoki gelditzen gara inolako babesik gabe, hitzarmenak indargabetuak gelditzen dira, epaile baten interpretazioaren esku geldituko ginateke eta gure helburua da ez ailegatzea momentu horretara, aitzinetik bideragarritasun planak aurkeztuz».
Zalainen mobilizazioekin bat egin duten ELA, LAB eta CCOOko ordezkariek aipatu dutenez, «nagusien aldetik ez da informazio txukunik ematen, nahiz eta behin eta berriz informazio osoaren eskaria egin». Bezeroei eskariak ezin hornituz segitzen dute gaur egin eta zenbaitzuk, arazo honen aitzinean Zalain baztertu eta bertze hornitzaileengana jo dutela salatu dute. Jose Luis Baquedano, ELAko ordezkariak aipatu duenez «%70ean ari gara lanean, zuzendaritzak dioenez hilabeteko 7.000 Tonako produkzioa izaten da normalean eta orain 5.000 Tona inguru produzitzen dira».
350 langile inguru dituen Zalainen egoera berdintsuak daude Condesa Taldeko bertze lantegiak ere. Horren aitzinean, Lantegi Batzorde ezberdinek (Condesa Fabril eta Condesa Inox Legutio-Gasteizen, Perfil en Frío Berriobeitin, Mieres Tubos Mieresen, Tumesa Sagunton eta Zalain Transformados Lesakan) mobilizazio egutegia adostu dute eta langileek berretsi egin dute egutegi hori.
Mobilizazio hauekin, dagozkien bideragarritasun plazan aurkeztea eta enplegua eta langile guztien oraingo baldintzak bermatuko dituen Condesa Taldeko lantegientzat plan industrial bat dute helburutzat langileek.
Honela, urriaren 3an lantegietan egin dituzten batzar orokorrekin batera, urriaren 8an bi orduko lanuzteak eginen dituzte 13:00etatik 15:00etara, elkarretaratzeak eginez. Urriaren 15ean, berriz, 24 orduko lanuztea eginen dute eta egun horretan Gasteizen manifestazioa deitua dute, Condesa Taldeko bulego nagusietan bukatuko dena.