Nafarroako Enduro txapelketa Igantzin erabakiko da

TTIPI-TTAPA 2014ko urr. 2a, 10:22

Irrisarri Landen eginen da txapelketako azken proba. Utzitako argazkia.

Arbizun eta Zubirin jokatutako proben ondotik

IrriSarri Landek Nafarroako I. Enduro Openeko azken proba antolatuko du. Igantziko abentura parkeko instalakuntzetan eginen da urriaren 4an eta 5ean. Proban parte hartu nahi duenak www.kirolprobak.com atariaren bidez eman behar du izena.
 
I. IrriSarri Land Enduro proba urriaren 4an, larunbatarekin hasiko da, eta bi entrenamendu saio eginen dira Bike Parkean, goizez eta arratsaldez. Ho­rrez gain, Four Cross (mendiko bizikleta diziplina bat) egiteko aukera izango da 8 eta 13 urte arteko haurrentzat, eta Funbox Factory-ren eskutik, Dirt Jump erakustaldia eskainiko dute Martxel Arribillaga, Ibai Gaztelumendi eta Mikel Lazkanok.
 
Proba igandean, urri­ak 5, goizeko 9etan abiatuko da. Zirkuituak, banaz bertze, 15 km eta 900 metroko desnibel metatua izanen ditu. Automatikoki neurtutako hiru zirkuitu izanen ditu, eta haiek lotzeko, neutralizatutako hiru zati. Arratsaldean parte hartzaileentzako festa izanen da; DJak, hau­rrentzako Four Cross lagunarteko lasterketa, Dirt Jump erakustaldia eta sari banaketa. Lehen, bigarren eta hirugarren scrach-ek; elite mailako lehenak; junior mailako lehenak; lehen emakumezkoak; 30 masterreko lehenak; eta 40 masterreko lehenak eskuratuko dituzte sariak. Urte osoko IrriSa­rri Landeko forfaita, gauak aterpetxean, bi lagunentzako bazkaria, eguneko forfaita eta proba babesten duten kirol etxeen materiala izanen dira sariak.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun