Nafarroako pilotari gazte onenak bildu dituen Javier Hernandez Memoriala jokatu da lehen aldiz asteotan. Larunbatean jokatu ziren bi finalak Iruñeko Labriten eta Bortzirietako bi pilotarik lortu zuten txapela janztea: Iñigo Martinez beratarrak 22 urtez beheitiko kategorian eta Jon Olaizola lesakarrak gazte mailan.
Jubeniletan, Jon Olaizolak Etxarri Aranazko Joanes Bakaikoa izan zuen lagun aitzineko koadroetan. Ordubete eta laurden iraun zuen partidak, 600 pilotakada baino gehiago eman zituzten eta azkenean 22 eta 21 irabazi zieten Aitor eta Oier Etxeberria bizkaitarrei, 19-21 galtzen joan ondotik, gainera.
22 urtez beheitiko finala ez zen hain berdindua joan, baina emozioa izan zuen. Iñigo Martinez beratarrak Zugarraldeko Asier Agirre izan zuen lagun aitzinean eta Iker Irribarria eta Jon Erasun gpuzkoarrak arerio. Faboritoak ziren gipuzkoarrak 11-3 aitzinetik izan ziren, baina txapeldunek 12 tantu segidan eginez aitzindu ziren (11-15). Azkenean 17-22 nagusitu ziren Agirre eta Martinez.
Gainera, pilotari nobleenari emandako Shanti Andia saria jaso zuen Iñigo Martinezek.