Ohikoa denez, urria kultur ekitaldiz ongi hornitua dator aurten ere Beran. Urriaren 4an, larunbata, 19:30ean Garai hura gara ikuskizuna eskainiko dute Kultur Etxean Andoni Egaña bertsolariak eta Xabier Lizaso piano-jotzaileak. Urriaren 12an, berriz, Bide Ertzean taldeak kontzertua eskainiko du 19:00etan Kultur Etxean. Euskara Batzordeak Nafarroako Antzoki Sarearen laguntzaz antolatutako ekitaldi hauetara sartzeko sei euro ordaindu beharko dira.
“Garai hura gara” Andoni Egaña eta Xabier Lizasoren ikuskizunaren berria da. Ikuskizunean XVIII. mendeko eta XIX.aren hasierako kultur-joeren berri eman nahi dute. Europan, Euskal Herrian, Gipuzkoan, Amezketan… kultura nola bizi zen egunotara ekartzea da helburua.
Musikan, Xabier Lizaso pianojoleak Larrañaga, Gamarra eta Osinaga konpositoreen musika ekarriko du. Baita Peñaflorida Kondearen hainbat obra jo ere: “Sententziatu dute”, “Aita gurea”, “Irten ezazu”…eta zortzikoren bat. Andoni Egaña bertsolariak Fernando Amezketarraren lana ekarriko du gogora.