Berako Bilduk bere desadostasuna adierazi du Aralar eta EAJko udal taldeek «Iturlandetan beilatokia irekitzeko egitasmoaren inguruan izan duten jarrera eta aferaren kudeaketa moduekin» eta herritarren eskaerak entzun eta hausnartzeko prestutasuna azaldu du, «udalaren lana baita herritarren aldarrikapenak aditzea, gatazkarik balego konponbideak bilatzea eta, adibidez, bitartekaritza lanak egitea gatazka ezin denean udalean ematen ahal diren erabakien bidez konpondu».
Bilduren ustez, ez da zilegizkoa alternatiba bat bilatzeari, baita planteamenduei buruzko eztabaida bat emateko borondateari uko egitea eta ez du uste Aralar eta EAJ taldeetako ordezkariek «errespetuz eta zentzuz jokatu izan zutenik herritar talde honekin, ezta Bildu udal taldeko ordezkariekin».
Etxebizitzak dauden bloke baten azpian Beilatoki bat irekitzearekin ados egon ala ez, «bloke hortako bizilagun guztietako inork ez badu nahi bertan Beilatokia egin dadin, eskubide osoa dute hori aldarrikatzeko eta alternatibak bilatzeko», Bilduk dioenez, eta «Berako Udalaren laguntza eskatzen badute, honek posible duen heinean bere prestutasuna adierazi beharko luke gatazka hau konpontzeko eta bere eskuetan dagoena egin, bizikidetzarako ezinbertzekoa den modua». Erabat legitimoa iruditzen zaie Iturlandeta auzokideen aldarrikapena, «hala nola desobedientzia zibila eta erresistentzia pazifikoa erabiltzea haietan, bide politikoetatik erantzunik eta konponbiderik izateko mekanismoak agortuak direnean». Etxebizitzen azpian Beilatokiak egitea debekatzen duen ordenantza bat egitea ariketa demokratiko gisa ulertzen du Bilduk, «bertzeak bertze 800 herritar baino gehiago baldin badira hori eskatzen ari direnak».
Bilduk bere ezadostasuna agertu du irailaren 2ko goizean udaltzain laguntzaileak hartutako erabakiekin eta gauzatutako ekintzekin eta honen laneko irizpideak argitzeko beharra ikusten du.
Beilatoki zerbitzua Berako herriarentzat hagitz garrantzitsua denaren jakitun, Bilduren ustez «hausnartze eta eztabaida prozesu bat merezi du eta, zergaitik ez, galdeketa edo partehartze prozesu bat, adibidez erabakitzeko zein nolako zerbitzua izan behar duen, ea lehentasunezkoa den, egokia den zerbitzu publikoa egitea edota eraikin publiko bat ahalbidetzen ahal den zerbitzu hori enpresa pribatu batek eramateko».