Nerea Sorondok eta Xabier Urrutiak irabazi dute Nafarroako arpana txapelketa mistoa

TTIPI-TTAPA 2014ko irailaren 29a

Herri kirol jaialdian parte hartu zuten kirolariak, elkarrekin. Aitor Arotzena

Beratarra eta arraioztarra nagusitu ziren Igantzin irailaren 27an lehiatu ziren sei bikoteen artean

Nafarroako arpana txapelketa mistoa jokatu da bigarren urtez. Aurten ere, Igantziko besten baitan jokatu da txapelketa eta parte hartu duten sei bikoteren artean, Baztan-Bidasoko Gure Kirolen Klubean aritzen diren Nerea Sorondo beratarra eta Xabier Urrutia arraioztarra nagusitu dira. Beuntzako Mikel Eugi eta Sakanako Irati Astondoa bigarren izan ziren eta Berako Amaia Garcia eta Arraiozko Daniel Saldias hirugarren. Ikusi argazkiak

Bikote bakoitzak 10 ebaketa egin behar zizkion etzanda jarritako 45 ontzako enborrari. Lehen txandan aritu ziren Xabier Urrutiak eta Nerea Soronduk 4 minutu eta 32 segundo behar izan zituzten eta alde nabarmena atera zuten. Bigarren posturako lehia ikusgarriagoa suertatu zen, izan ere zentesimek erabaki baitzuten lehia. Bigarren txandan aritu ziren Mikel Eugik eta Irati Astondoak 4 minutu, 55 segundo eta 31 zentesima behar izan zituzten eta Daniel Saldias arraioztarrak eta Amaia Garcia beratarrak 51 zentesima gehiago.

Ondotik sailkatu ziren Lezagungo Ana Lopez eta Larragetako Alberto Oteiza (5:13), Iberoko Adrian Berruezo eta Lezaungo Itziar Nuñez (6:06)eta Berriozarko Oier Aizkorbe eta Ilargi Gonzalez (6:08). Abiadurako proban (korte bakarra zeinek bizkorrago egin), Ana Lopez eta Alberto Oteiza nagusitu ziren.

Herri kirol jaialdi bikaina

Baina Nafarroako arpana txapelketa mistoaz aparte, herri kirol jaialdi bikaina ikusgai izan zen larunbat arratsaldean Igantzin. Inaxio Perurena aritu zen harri jasotzen. 200 eta 250 kiloko harriak erraztasunez altxatu zituen, baita 111 kiloko borobila ere, baina 280 kilokoa ezin izan zuen bizkar gainean berdindu. Herriko gazteek, bi taldetan banatuak, proba konbinatu polita eskaini zuten, lasto altxatzen, zaku lasterketan, koxkor biltzen eta arpanan, bertzeak bertze.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.

Egin TTIPI-TTAPAren lagun