Gure Txokoa elkarteak hogeigarren urtez antolatutako Berako Dantzari Ttiki Eguna ospatu zen irailaren 27an. Berako dantzariek Ibarrako Alurr dantza taldea, Zaldibiako Iztueta dantza taldea, Añorgako Arkaitz dantza taldea eta Anoetako Anitz dantza taldea gonbidatu dituzte aurtengoan. Gipuzkoa aldetik etorritako 80 bat dantzari, irakasle eta musikariekin batera, hamabi urtez beheitiko herriko 120 bat aritu dira. Denera, 200 partehartzaile. Ikusi argazkiak
Larunbat goizeko 10:30ak aldera harrera egin eta herriko karriketan barna ibili ziren dantzari guztiak, hiru taldetan banatuak. Talde bat Illekueta aldera joan zen, bertzea Burga Plazara eta hirugarrena Agerrara. Eguerdian Altzate karrikan talde guztien artean emanaldia eskaini zuten. Bazkaltzera herriko dantzarien etxeetara joan ziren kanpotik etorritakoak eta monitore eta musikariek, berriz, Gure Txokoa elkartean bazkaldu zuten. Bazkalondoan musika izan zuten eskolako frontoian.