Denboraldi berria prestatzeari ekin dio Manttale Ttiki atletismo eskolak eta horretarako informazio bilera ortziral honetan, irailak 26, eginen dute Berako Gure Txokoa Elkartearen egoitzan. 19:00etan 2003 eta 2008 urteen artean (biak barne) jaio diren haurren gurasoekin eginen da bilera eta ordu erdi beranduago 1999 eta 2002 artean jaio direnen gurasoekin.
Entrenamenduei dagokienez, 2003 eta 2008 artean jaiotako haurren entrenamenduak urriaren 4an hasiko dira eta larunbat goizetan Beran eginen dituzte, 10:00etatik 12:00etara. 1999 eta 2002 artean jaiotakoak, berriz, urriaren 1ean hasiko dira eta asteazkenetan eginen dituzte entrenamenduak, 17:15etik 19:30era, hauek ere Beran.
Manttale Ttiki eskola 2008an jarri zen martxan eta urtero 50 bat haur biltzen dira. Lau monitorek atletismoko oinarrizko nozioak eta joko didaktikoak erakusten dizkiete. Teorikoki eta praktikoki nola egin beroketak, nola estiratu, lasterketako teknikak, korrika estiloak eta abar lantzen dituzte. Entrenamenduetatik aparte, ateraldiak ere egiten dituzte bai bizikletan eta bai mendira oinez ere, eta atletismo probetan parte hartzeko aukera ere izaten dute neska-mutikoek.