126 bunker dokumentatu ditu Bidasoa Ikerketa Zentroak Beran

TTIPI-TTAPA 2014ko irailaren 23a

Bidasoa Ikerketa Zentroko Aurelio Gutierrez eta Patxi Larretxea eta bideoa egin duen Txema de los Frailes, Suspelako ur-depositoaren ondoko bunkerrean. Utzitako argazkia

Bi urtetako lana osatzeko bideoa paratu dute Interneten

Historiazaleak biltzen dituen Bidasoa Ikerketa Zentroak Beran Espainiako Gerraren ondotik eraikitako bunkerren inguruko dokumentazio lana bukatu berri du, bi urteren ondotik. Lehendik, lan horren zati bat beraien blogean argitaratu zuten eta orain bideoa egin dute, eraikin militar horiek lokalizatzeko koordenakin eta argazkiekin batera. Lan honekin, “Frankismoaren mandoak” bezala ezagutu zirenei omenaldia eskaini nahi izan diete, hau da, frankisten preso bezala behartutako lan horietan aritu behar izan zuten preso errepublikazaleei.

Lan honetan buru-belarri aritu den Aurelio Gutierrezek aipatu digunez, «gisa honetako 126 eraikin dokumentatu ditugu Beran, baina gehiago izan ziren eta Pirinioetako Frantziako muga osoan 6.000 inguru izan zitekeen. Horrek, Frankistek aliatuen inbasio bati zioten beldur ikaragarria adierazten du». Muga osoan Bera da bunker kopuru handiena duen herria. «Beharbada –dio Gutierrezek– 1924an Beran izan zen iraultza saiakeragatik beldurra zuten militarrek eta horregatik eraiki ziren hainbertze ametralladora-kabi eta bunker». Halere, kopuru horrek ez zuen 1944ko urrian errepublikako makiek erregimen frankista bertan behera botatzeko egin zuten saiakerarako Beratik pasatzea oztopatu.

Bunker horietako bakoitzak orduko 25.000 pezeta gosta omen zen eta frankistek preso moduan zuten errepublikazaleen izerdia eta odola. «Esklabon moduan egin zuten lana, gosea, hotza, mixeria eta umiliazioak pasatuz… Beraiendako zigor politikoa izan zen», dio Bidasoa Ikerketa Zentroko kideak.

Berako bunker, bide eta errepideen eraikuntzan lau bataloi aritu ziren. «Horietako bakoitzean 500-600 lagun izaten ziren. 1939 eta 1945 urteen artean 2.500 bat lagun izanen ziren. Beran Ibardinen zuten kuartelik handiena, baina baziren militarrak Kaulen, Ameltziagan, Olan…», Gutierrezek aipatu digunez.

Lesakako Udal Artxiboan ageri denez, Lesakako langileen bataloiak 706 kide zituen, 25 ofizial, 105 eskolta eta 576 soldado disziplinario. Baztango udal artxibategian ere biltzen da Iruritako bataloiaren osaketaren berri. Lesakako bataloian egon zen Rosendo Iturmendi oñatiarrak dioenez, ofizialek “Espainiako mandoak” zirela erraten zieten, baita «lehen errepublikazaleek beraiek hondatutakoa berreraikitzera derrigortuta zeudela ere».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.

Egin TTIPI-TTAPAren lagun