«Herri kirolean hasten dira neskak, baina harriak errespetua sortzen du»

Aitor AROTZENA 2014ko irailaren 18a

Estitxu Almandoz, erakustaldi eta txapelketetan erabiltzen dituen harriekin. Aitor AROTZENA

Duela 29 urte jaio zen Estitxu Almandoz Zala auzoko Arantxene baserrian. Orain bortz urte murgildu zen herri kirolean eta sokatiran, txinga eramaten eta giza-proban ere aritu da. Baina duela hiru urte, Oronoz-Mugairiko Gure Kirolen Kluban entrenatzen ari zela, Sunbi­llako Unai Bertiz eta Etxa­larko Xabier Ariztegi Santxin ikusi eta ha­rriarekin proba egitea gogoratu zitzaion. «Egia errateko lehenbiziko saiakerak ez ziren batere onak izan, ez dakizu ha­rriari nondik heldu, nola altxatu, dena beltz ikusten duzu… Baina pixkanaka teknika har­tzen joaten zara, hobetuz zoazela ikusten duzu, kilo gehiago altxa­tzen eta gustoa hartzen diozu», erran digu lesakarrak. Izan ere, teknikak ga­rrantzi handia du harria jasotzerakoan.

Bertze kirolak probatu izanagatik, gaur egun kasik harri-jasotzeari bakarrik emana da Esti­txu. Astean behin entrenatzen du Patxi Larre­txearekin eta abuztuan egin zen Euskadiko txapelketa prestatzeko Astigarragako Javier Etxe­berriaren laguntza ere izan zuen. Hain zuzen, herrietako bestetan eta bertze ekitaldietan hain­bat erakustaldi eman baditu ere, Aian jokatutakoa izan da bere konpetizio ofizial baka­rra eta hagitz ezberdina dela onartu du: «erakustaldietan lasaiago nengoen, hasieran bai baduzu urduritasun pun­ttu bat, baina ez du txapelketarekin zerikusirik, hagitzez estres gehiago sortzen du konpetizioak, epaileak ere hor daude kontrolatzen eta errespetu gehiago sor­tzen du». Kontuan hartu behar da, kirolaririk ez zegoelako lau urte pasatuak zirela Euskadiko azken txapelketatik. Zehazki, 2008an eta 2010ean bakarrik jokatu dira emakumezkoen harri-jasotze txapelketak. Aurten bi lehiakide bakarrik izan dira eta lesakarra bigarren izan zen, 2010ean ere txapel­dun izan zen Idoia Etxe­berria oriotarraren gibeletik. Halere, Almandoz gustura gelditu zen egindako lanarekin: hiruna minutuko txandetan 12 altxaldi eman ziz­kion 87,5 kiloko zilin­droari, 10 altxaldi 75 kiloko kubikoari eta 21 altxaldi 62,5 kiloko bolari. «Kubikoarekin zerbait gehiago egitea espero nuen, baina bi nulo adierazi zizkidaten, baina zi­lindroarekin eta bolarekin entrenamenduetan baino altxaldiren bat gehiago ere egin nuen», dio. Txapeldune­tik urrun xamar gelditu zen arren, hobe­tzeko entrenatzen segituko due­la adierazi digu eta horretarako konpetitzea ere garrantzi­tsua dela us­te du lesakarrak: «espero dut datozen urteetan ere txapelketak joka­tzea, konpetiziorik ez ba­da motibazioa ere ez baita berdina». Kirol ho­ne­tan ari­tzera emakume gehiago animatzea ere gus­tatuko litzaioke, «ber­tze herri kiroletan has­ten dira neskak, baina harriak errespetu gehiago sortzen du, ez dakit beldurra ematen dien edo lotsa edo ez dakite nora jo, baina egia da gutti ari garela». Alde horretatik, he­rri kirola gogoko duenak Oronoz-Mugairiko Gure Kirolen Klubera joan eta han ongi aholkatuko dutela aipatu digu.

100 KILOKO KOPA

Estitxu Almandozek harria gustuko du eta aitzinera begira ere ho­rretan segitzeko asmoa du. Erraterako, Lesakako ferietan marka per­tsonala egin nahi du, 100 kiloko kopa harria altxatuta. «Behin baino gehiagotan altxatua dut etxean, baina ikusi beharko plazan jasotzeko gai naizen. Harri ttikiekin fondo gehiago behar duzu, hiru minutuko txandetan ahalik eta aldi gehienetan altxatze­ko, baina harri handiarekin, behin altxatuta ere kontent, ez da batere erraza», aipatu digu.

KONPETIZIOA

«Espero dut datozen urteetan ere txapelketa jokatzea, konpetiziorik ez bada motibazioa ere ez baita berdina»

ETXETIK PLAZARA

«Behin baino gehiagotan altxatua dut 100 kiloko kopa harria etxean, baina ikusi beharko plazan gai naizen. Harri ttikiekin fondo gehiago behar da, hiru minutuko txandan ahalik eta gehien altxatzeko, baina harri handiarekin, behin altxatuta ere kontent».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun