Amaia Apezetxea Telletxea Sunbillan bizi den aranztarra da. Lanbidez ile-apaintzailea da eta bere lanak nola amatxo eta etxeko lanek uzten dioten denbora pixarra kirolari eskaintzen dio. Gustukuena bizikletan ibiltzea badu ere, irailaren 7an Sunbillan izaniko maratoi erdian mendian lasterka ere estreinatu zen. Ekainetik astean behin edo bitan eta bazkalondoan Sunbillatik Doneztebera eginiko lasterkaldiekin entrenatu da. Hasiera batean sei kilometrokoa egiteko asmoa bazuen ere, ingurukoek animatuta, hogei eta bat kilometrokoa egitea erabaki zuen. Bere helburua ibilaldia akautzea bazen ere, garbi zuen, ezinean ibiliz gero, herrira jautsiko zela. Ba, lortu du nahia: azken bi kilometroak gogorrak egin bazitzaizkion ere, helmuga ikustean, «sekulako satisfazioa» hartu zuela adierazi zuen Xorroxin Irratian eginiko elkarrizketan. 3 ordu eta 45 minutuz egin zuen ibilbidea. Gogorra izan bazen ere, merezi izan duela aipatu digu. Familia eta ingurukoen animoak eta egun horretan mendi gainetan zeuden boluntarioen babesa azpimarratu ditu, indarra eman zietelako.
Helburuetako bat emakumeak kirola egitera bulkatzea izan da eta Amaiak erran bezala, «gure buruari denbora gehiago eskaintzeko aitzakia bat izan da, batez ere kirol munduan. Hagitz polita izan da». Zorionak eta segi gozatzen!