2014-2015 ikasturtea irailaren 5ean hasi zuten eskolan, guzira, 64 ikaslerekin eta 42 familirekin. Ikasturte honetan, hamaika ikasle berri daude: hiru urteko bederatzi ikasle, bortz urteko bat eta bertze bat laugarren mailan.
Hiru urteko taldearen tutorea Idoia Iturria da eta hilabete honetan talde hau egokitzapen garaian dago. Haur Hezkuntzarekin jarraituz, lau eta bortz urtekoak daude seina ikaslerekin. Miren Armendariz irakaslea dute eta Juana Larralde laguntzailea da.
Lehen Hezkuntzan, lehenengo zikloan, bederatzi ikasle daude Isabel Danboriena irakaslearekin; bigarren zikloan, Gontzal Errandonea tutorea dela hamahiru ikasle daude; hirugarren zikloan hamabi gaztetxo Noemi de Mateo irakaslearekin; eta azkenik, DBH lehen eta bigarren mailetan bederatzi ikasle daude Andrea Villegas irakaslearekin.
Irakasle espezialistei dagokienez, ingeleserako Oihana Goikoetxea eta Aitor Elexpuru daude, musikan Ainhoa Azkarraga; soinketako irakaslea Joserra Lopez; DBHn letren ikasgaiak emanen dituena Maialen Lazkano; logopeda Mirentxu Jimenez; orientatzailea Lourdes Labandibar eta PT-a Agustin Burlada.
Zerbait adierazgarria aipatzekotan, LHko 1go, 3. eta 5.mailetan LOMCE legea ezarriko dela da. Beraz, maila hauentzat aurtengoa egokitzapen urtea izanen da.
Jantoki zerbitzua berriz, urrian hasiko da.
GURASO ELKARTEA
Eskolako Guraso Elkartea berritu da. Guzira zazpi ordezkari izaten dira eta bakoitzak bi urteko ardura izaten du. Amaia Telletxea, Rosa Maiz eta Idoia Etxeberriak bi urte egin dituzte eta orain, horien ordez, Beatriz Taberna, Anika Maeztu eta Koldobike Gorostiza aukeratuak izan dira. Azken hauek iaztik dauden Mari Karmen Mitxelena, Ana Larretxea, Maitere Pagola eta Gema Lukanbiorekin taldea osatu dute.
HAUR ESKOLA
Pelle Ttiki haur eskolan ere joan den astean ikasturtea abiatu zuten. Zortzi ttiki daude bertan: Naroa, Aiala, Iker, Ioritz, Intza, Amets, Eneit eta Garazi. Goizero, Koldobike Gorostiza hezitzailearekin izaten dira.