Urtero bezala, besten aitzineko asteburua mugitua izanen da aurten ere Igantzin. Igande arratsaldeko artzain-zakur lehiaketa izanen da plater nagusia. Aurten Meakaunditik herrigunera ekarri dute, Elustara, jende gehiago erakartzeko intentzioarekin. Asteburuko egitarauaren berri eman zuten Igantziko Herriko Etxean, Emaldi Ereño Bertizko Partzuergoko kudeatzaileak, Joxean Ortega Urrutia udal zinegotziak eta gazta lehiaketan parte hartzekoak diren Goiz-Argiko Amalia Sein eta Argatagaraiako Elena Retegi gaztagileek.
Larunbatean, irailak 20, marmitako txapelketa eginen da eta ondotik, prestatutakoa doan dastatzeko aukera eskainiko zaio frontoira hurbildu den jendeari. Arratsaldean plater tiroketa izanen da Ziobin. 19:00etan dantzariek euren emanaldia eskainiko dute.
Igande goizeko 10:30ean karrikabuelta eginen da txistulariekin eta haurren herri kirolak izanen dira goizeko 11etan. Proba konbinatuan Bera, Basaburua eta Igantziko bi talde ariko dira: Frain eta Irisarri. Eguerdian, XI. Gazta lehiaketa eginen da. Aurkezpenean egon ziren bi gaztagileek gazta egiteko prozesua azaldu zuten, baina bat egin zuten gazta ona egiteko osagai nagusiarekin: esne ona eta garbia. Igantziko dozena bat inguru gaztagilek parte hartzen omen dute urtero-urtero. Argatagaraikoak iaz irabazi zuen eta gehienetan lehenbizikoen artean egoten da. Goiz-Argikoak ere pare bat aldiz irabazi du lehiaketa.
Nafarroako ardo dastaketa, eta Artzaia: Nafarren sena izeneko pasaporteekin zozketa ere eginen dira frontoian. Hain zuzen, Etxalarko gasna feria egunean eta Elizondoko ferietan zigilatutako pasaporteari bertze zigilu bat eman beharko zaio Igantzin eta pasaportea ongi betea dutenen artean eginen omen da zozketa. Lehen saria Etxalarko Mikelestonea landetxean bi lagunendako asteburua izanen da, bigarren saria bi lagunendako otordua Legasako jatetxe batean eta hirugarrena Gorramendi gasnategiak emandako gazta izanen dira. 14:00etan jubilatuek La Villan bazkaria izanen dute.
Artzain-zakur lehiaketa herrigunean
Arratsaldean XXXIV. Artzain-zakur lehiaketa izanen da, aurten leku berri batean ospatuko dena: Elustan. Meakaunditik herrigunera ekarriz, jende gehiago biltzea espero dute antolatzaileek. 18:30ean kankailuak eta buruhandiak, Lesakako trikitixa taldearekin batera ibiliko dira, eta gero, gazta eta opil dastaketa ere beraien musikarekin alaituko dute giroa.