Urteroko hitzorduari hutsik egin gabe, aurten ere giro ederrean joan dira Bittiriko bestak. Ortziral arratseko txupinazoaren aitzinetik irakurketa saioa izan zen eta patata tortilla txapelketa. Larunbatean, erraldoi eta buruhandien konpartsa ibili zen karrikaz karrika eta herri kirol desafio polita, baita mariatxiak aditzeko aukera ere. Igandean, haurrei zuzendutako ekitaldiak izan ziren. Ikusi argazkiak
Patata tortilla txapelketan hiru bikote bakarrik aritu ziren eta Maribi Gaztelumendi eta Iratxe Esparza suertatu ziren garaile. DJ Bull aritu zen musika jartzen eta txox! Berendu afaria ere izan zen. Elutsa txarangak ere giroa jarri zuen auzoan.
Larunbat goizeko dianen ondotik, Sanferminetan estreinatutako erraldoi eta buruhandien konpartsa ibili zen auzoan. Eguerdian, herri kirol desafio sorpresa izan zen. Hiru laguneko bi talde aritu zen, 500 kiloko belar bolari zortzi minutuan ahalik eta plaza gehiago emateko asmoarekin. Markel Suarez, Jon Erro eta Beñat Oronoz nagusitu ziren, 18 plazarekin. Mikel Apeztegia, Xuban Larretxea eta Julen Palenzuelak 16 plaza egin zituzten. Auzotarren bakariaren ondotik, mariatxiak aditzeko aukera izan zen.
Igandean haurrendako jokoak izan ziren Eltzetako plazan eta arratsaldez MartinBertsoren Irripuinekin eta karaokearekin gozatzeko modua izan zuten ttikienek.