Euskal Herriko Herriarteko txapelketa ere irabazi du Berak

TTIPI-TTAPA 2014ko irailaren 4a

Txapeldun eta txapeldunordeak, udal ordezkari eta antolatzaileekin batera. Utzitako argazkia.

Bortzirietatik 400 bat lagun joan ziren Atano III.eko finala ikustera

Euskal Herriko he­rriarteko pilota txapelketaren finalak jokatu ziren uztailaren 26an Donostiko Atano III. pilotalekuan Bera eta Donostiaren artean. Azkenean, hiru partidetatik bi irabazita, Berak irabazi zuen lehen aldiz txapelketa hau. Giro bikaina izan zen Donostiako pilotalekuaren harmailetan, 600 pertsona in­guru hurbildu baitziren, haietatik 400 per­tsona inguru, lau autobus eta hainbat auto partikular bete zituzten bortziritarrak ziren. 
 
Denetara 3 partida jokatu zituzten. Lehengo partida kadete mailakoa izan zen. Oihan Canabal igantziarrak eta Harri Maritorena beratarrak 13-22 galdu egin zuten Bikuña eta Alberdiren aurka. 
 
Bigarren partida jubenil mailakoa izan zen. Beñat Mitxelena beratarrak eta Jon Olaizola lesakarrak 22-7 irabazi zieten Chiapuso-Aranguren-eri. Donostiarrak hobeki hasi ziren, baina segidan eman zioten buelta partiduari Mitxelena eta Olaizolak. Beraz, berdinketa zegoenez, seniorren kategoriako partida irabazten zuenak eramanen zuen finala.
 
Azken partidan, Ander Errandonea eta Iñigo Martinezek 22-9 irabazi egin zieten Urmeneta eta Urbinari. Nabarmentzekoa da Martinez eta Errandoneak Nafarroa nahiz Euskal Herriko Herriarteko txapelketetan jokatutako partida guztiak irabazi dituztela, bata bertzearen ondotik.
 
Partida ondotik, zoramena Beratik eta Bor­tzirietatik hurbildutako zaleen artean. Finalaren ondotik, polilotariak eta pilotazaleak Zalainera joan ziren afaltzera, eta 200 lagun inguru elkartu ziren garaipena ospatzeko.
 
Berako bestetan ere Udalaren omenaldia jaso zuten pilotariek.
 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun