XXIV. aldiz Mendi Bizikleta Ibilaldia antolatu du Biltoki Elkarteak. Igande honetarako, irailak 7, egina dute hitzordua eta aurten ere haur eta helduentzako ibilaldiak prestatu dituzte.
Helduek bi ibilbide izanen dituzte aukeran: luzea, 35 kilometrokoa eta motza, 26 kilometrokoa. Herritik abiatuta Iñarburura joanen dira, handik Frainera igotzeko. Trenbidera jaitsi ondotik, Kaxoten harria dagoen tokiraino igo beharko dute. Gero Errotara jaitsiko dira eta handik abudo ibilbide laburra aukeratzen dutenek herrirako bidea hartuko dute. Luzea nahiago dutenek Errotatik Apittura igo beharko dute eta handik herrira.
Helduak 09:00etan abiatuko dira.
Haurrak, berriz, 10:00etan abiatuko dira.
Izen-ematea egunean berean egin beharko da. Helduek 07:30etik 08:30era apuntatu beharko dute eta haurrek 09:30ean.
Antolatzaileek iragarri dutenez, helmugan bizikleta garbitzeko eta dutxatzeko aukera izanen da, baita parte hartzaileentzako luntxa eta zozketak ere. Froga ez dela lehiakorra ere garbi utzi nahi izan dute.