Kirolaririk ez zegoelako lau urtez jokatu gabe gelditu ondotik abuztuaren 10ean jokatu zen Aian (Gipuzkoa) Euskadiko emakumeen hirugarren harrijasotze txapelketa. Lehen aldiz emakume nafar batek hartu zuen parte, Arantxeneko Estitxu Almandozek. Hainbat erakustalditan parte hartu ondotik bere lehen konpetizio handia zen eta lan txukuna egin zuen. Bigarren izan zen, Orioko Idoia Etxeberriaren ondotik.
87,5 kiloko zilindro zaharrari 12 jasoaldi eman zizkion, 75 kiloko kubikoari 10 eta 62,5 kiloko bola 21 aldiz bizkarreratu zuen. Beraz, denera 3.112,5 kilo altxatu zituen Almandozek. Orain, feriei begira, 100 kiloko harri koparekin marka pertsonala prestatu nahi du.