Julio Caro Barojaren omenez, organo, gaita eta txistu kontzertua izanen da ortziralean

Ttipi-Ttapa 2014ko irailaren 5a

Larunbat honetan eta hurrengoan bisita gidatuak eginen dituzte

Organoan Josu Goia ariko da, txistuarekin Mugarik gabeko txuntxuneroak eta eurekin batera Sarako gaiteroak. Hamasei abestiko emanaldia eskainiko dute 20:00etan Berako elizan. Horrez gain, larunbatean bisita gidatua izanen da Beran.

Hainbat ekitaldi egiten ari dira Julio Caro Barojaren mendeurrenaren harira eta horien barne, ortziralean, organo, gaita eta txistu kontzertua eskainiko dute Berako elizan. Organoan Josu Goia ariko da, txistuarekin Mugarik gabeko txuntxuneroak eta eurekin batera Sarako gaiteroak. Hamasei abestiko emanaldia eskainiko dute 20:00etan hasita: Cortes de Navarra, Agurra, Laida pilotaria, Orhiko txoria, Ai hori begi ederra, Xalbadorren heriotzean, Ikusten duzu goizean, Agur Jesusen ama, Adio Euskal Herriari, Urrola, Txoria txori, Haurtxoa sehaskan, Txirritaren oroigarri, Meditazioa, Campanades a morts eta Agur jaunak.

Bertzalde, Julio Caro Barojaren omenez uztail hondarrean zabaldutako erakusketa etnografikoa ikusgai dago oraindik Berako kultur etxean. Irailaren 14ra bitarte egonen da. Larunbat honetan eta hurrengoan, berriz, irailak 6 eta 13, bisita gidatuak eginen dituzte.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun