Gaur goizean obrako langileak hondakinak biltzeko erabiliko den edukiontzia jartzera joan direnean, bizilagunen autoak aurkitu dituzte traban jarriak. Langileek egoeraren berri eman diote Berako albienteei eta, azkenean, Foruzainak agertu dira auzora autoak erretiratzeko zereginetan garabiaren lana errazteko. Behin autoak erretiratu ondotik eta edukiontzia jarri dutenean, istilua gertatu da protestan zegoen bizilagun baten eta Berako albiente baten artean. Horren ondorioz Foruzainek atxilotu egin dute bizilaguna eta Elizondoko komisariara eraman dute atxilotua.
“Bizilagunoi ez digute komunikatu obra-baimena”
Beran Iturlandeta karrikako etxabe batean Irache Taldeak egin nahi duen beilatoki berriak haserri bizian jarri ditu bizilagunak. Euren protesta arrazoitzeko horixe argudiatu dute bizilagunek Foruzainen aitzinean. “Ez dugu nahi obra hastea udalak bizilagunei baimenaren berri komunikatu baino lehen. Sinadurak ere bildu ditugu, udal-ordenantzak aldatzeko. Ez dugu nahi etxebitzen azpian beilatokirik jartzea. Beran badira toki aunitz beilatokia jartzeko etxabe batean egin beharrean”.