Stock azoka antolatu zuen Lesakako Zerbitzuen Elkarteak larunbatean, abuztuak 23. Eta zortzi zerbitzuk beren postua paratu zuten karrikan: Txinelka zapata-denda, Ortzadar, Osiña eta Bixkiak jantzi dendak, Kattagorria lentzeria-mertzeria, Intzuri optika, Ordoki altzariak eta Telletxea argazki-denda. Elkartetik adierazi dutenez, «kontent» gelditu dira azokak izandako erantzunarekin: «jende aunitz ibili zen, batez ere kanpotarrak». Eguraldiak ere lagundu zuen eta Elutxa txarangak giro polita paratu zuela ere oroitarazi dute elkartetik.
Egun berean banatu zituen Zerbitzuen Elkarteak, aurten bigarren aldiz egin den balkoi loredunen lehiaketako sariak ere. Lehenbiziko saria Dolores Almandozentzat izan zen, bigarrena Nora Eneterreagarentzat eta hirugarrena Mª Jesus Aiestaranentzat. Lehen bi sariak Belen Mutuberria kultur teknikariak, Arantxa Arregi Cederna-Garalur Elkarteko teknikariak eta Maite Elizondo lorazainak osatutako epaimahaiak aukeratu zituen eta 200 eta 150 euro eskuratu zituzten, hurrenez hurren. Hirugarren saria, ordea, publikoak aukeratutakoa izan zen, Lesakako Udalaren web orrian on-line eta Endikaren harategian jarritako erakusketaren ondoan botoa emanez. Hirugarren sarituak 100 euro jaso zituen. Guztiek hamabortz egun izanen dituzte Zerbitzuen Elkarteko kide diren 42 zerbitzutan gastatzeko.
Lesakako Zerbitzuek Elkartetik eskerrak eman nahi izan dizkiete Beti Gazte Elkarteari, Lesakako Udalari eta bi kultur teknikariei, Belen Mutuberriari eta orain bere ordez ari den Idoia Maritxalarri.
Hemen argazkiak.