Arantzako Gazte Asanbladak antolatuta, 19. aldiz Arantza Rock jaialdia egin zen larunbatean eta bortz talde aritu ziren plazako taula gainean: Kalera, Afu, Xaiko, Governors eta Aierrik. Bortzirietako taldekideek osatutako Kalera taldea izan zen jaialdiari hasiera eman ziena eta giro ederra paratu zuten plazan. Talde ezagunen abestiak eta aspaldiko kanta mitikoak jo zituzten eta jendearen gustuko izan ziren.
Ondotik etorri ziren Xaiko, Afu, Governors eta Aierrik taldeak. Kontzertuen tartean, azken hilabeteetan saltzen aritu diren boletoen zozketa ere egin zuten Arantzako gazteek eta momentuan ez zen sariturik atera. Hauek izan dira zenbaki sarituak: Euskal Herriko landa-etxe batean bi lagunentzako asteburua 1.356 zenbakiari egokitu zaio, Arantzako Aterpen bi lagunentzako afaria, arratsa eta gosaria 1.603 zenbakiari eta hirugarren saria, bi lagunentzako zirkuitua bainuetxean 1.839 zenbakiari. Sarituek 690 766952ra deitu behar dute eta hilabete bateko epea izanen dute agertzeko.