Bortz talde ariko dira taula gainean larunbatean eginen den Arantza Rock jaialdian

Ttipi-Ttapa 2014ko abu. 21a, 10:33

Jendetza bildu ohi da urtero Arantza Rocken.

Arantza Rock egiten den 19. aldia da

Arantzako Gazte Asanbladak antolatuta, 22:30etik aitzinera hauek izanen dira Arantzako plazan kontzertua eskainiko duten taldeak: Kalera, Xaiko, Governors, Afu eta Aierrik. Sarrera dohainik izanen da eta kontzertuen artean eginen da azken hilabete hauetan saldu dituzten boletoen zozketa ere.

Ohiturari hutsik egin gabe, Arantzako Gazte Asanbladak Arantza Rock jaialdia antolatu du larunbat honetan, abuztuak 23. Aurten ere bortz talde ariko dira taula gainean eta 22:30ean hasiko dira kontzertuak. Kalera, Xaiko, Governors, Afu eta Aierrik dira talde gonbidatuak. Sarrera dohainik izanen da eta orduan eginen da azken hilabeteotan gazteek saldu dituzten boletoen zozketa. Gau guztian txosna eta bokatak ere izanen dira.

Taldeak

Kalera!: Arantza, Bera eta lesakarrez osatutako talde hau 2013ko abuztuan sortu zen. Ahotsean Beñat Lopez, Mikel Leiza dultzainarekin, bateria astintzen Ibai Ros, baxuarekin Denis Leiza eta Jon Mazizior gitarrarekin, hauetxek ditugu bortz gazteak. Hasiera batean entsaiatzeko bakarrik elkartu ziren eta Berako Xuga ostatuan bildu ziren lehen aldiz, lehen kanta zerrenda erabakitzeko. Obrint Pasen 3 kantarekin hasi zuten dena. Hasierako entsaioak Lesakako Arrano ostatuan egin zituzten lau hilabetez, garai hartan ireki berri zuten Lesakako Kultur Etxera joan ziren arte. Poliki-poliki, kanta-zerrenda handitzen joan ziren, talde gehiagoren kantak gehituz, hala nola, La Polla, Kaotiko, Barricada, eta bereziki, Berri Txarrak talde nafarrarenak. Kontzertuei dagokienez, lehen kontzertua Arranon bertan eman zuten, Lesakako feria egunean. Geroztik, hainbat kontzertu jo dituzte zonaldean eta Euskal Herrian barrena ere ibili dira.

Xaiko Agurainen jaiotako taldea da, Xabi Arakamak eta David Aguayok sortua. Taldekideak 23 eta 40 urteko tartean dabiltza, guztiak oholtza gaineko historiarekin: Kaotiko, Betagarri, Trikizio, Obrint Pas, Stupenda Jons... bezalako taldeen partaide izan baitira. Taldeak egiten duen musika triki-punk-jaia da. Punka da ildo nagusia baina rocka, ska eta hard-core ukituekin. Musikaren osagarri zuzena dira hitzak, eta Xaiko taldeak bikain astinduko ditu gizarte kapitalistaren barrenak.

Governors taldea Arrasaten sortutako rock taldea da. Rock & rolla, muinean, musikaren aukera estetiko hutsetik haratago, jarrera sendoa da, handiarekin kritikoa eta txikiarekin eskuzabala den bizitzaren ikuspegia. Governors taldearen ezaugarririk argiena bere musikaren intentsitatea eta kantu amorratuen bitartez komunikatzen duten jarrera baikor bezain sortzailea da.

Afu orain dela zazpi urte Barañaingo gaztetxean sortutako taldea da. Gaur egun zortzi lagunez osatua dago: Oihana ahotsean, Mikel eta Endika gitarran, Alberto baxuan, Ibai kongetan, Imanol kaxoian, Julen saxoan, Iñigo tronboian eta Ion tronpetan. Hainbat abestitan reggaean maisuak diren Soñadores Natos eta hip-hop-a mamitzen duten Raperos de Emaus  taldeen lankidetzak daude. Taldekideen artean gustu musikal ezberdinak izaki, taldearen musika zaletasun horien guztien nahasketa da. Reggae, ska, musika afrikarra... melodia nahiz erranahi anitzez hornitutako doinuez gozatzeko aukera ematen digute. Euskaraz zein gaztelaniaz abesten dute.

Aierrik plazak alaitu eta dantzan paratzen dituen trikiti talde alaia da. Bere partaideak Malerrekakoak dira eta duela urte batzuk sortu zen, lagun artean entsaiatzen hasiaz. Gaur egun plazaz plaza ibiltzen dira eta dagoeneko Euskal Herrian barna hainbat eta hainbat txokotan jo dituzte beraien doinuak. Beraien musikaren artean fandango, arin-arina, kalejira, baladak, bertsio eta bertze hainbertze kanta aditzen ahal ditugu. Talde hau izanen da aurtengo Arantza Rockeko egitaraua itxiko duena.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun