Emakumezkoen Euskadiko Harrijasotze txapelketa jokatu zen abuztuaren 10ean, igandea arratsaldean Aian (Gipuzkoa). Bi lehiakide izan zituen Euskadin hirugarren aldiz egin zen txapelketak: Estitxu Almandoz Maia lesakarra eta Idoia Etxeberria Ikutza oriotarra. Azkenean, txapela Gipuzkoan gelditu zen.
Hiru harri erabili dituzte txapelketan: 7 arroako (87,5 kilo) zilindro zaharra, 6 arroako (75 kilo) kuboa eta 5 arroako (62,5 kilo) bola. Harri bakoitzarekin hiru minutuko txanda bana egin zuten eta hiruetan Idoia Etxeberria nagusi izan zen. 7 arroako zilindro zaharrari 17 jasoaldi eman zizkion oriotarrak eta 12 jasoaldi lesakarrak; 6 arroako kubikoari 20 altxaldi eman zizkion Etxeberriak eta 10 Almandozek eta 5 arroako bola 27 aldiz altxatu zuen txapeldunak eta 21 aldiz azpitxapeldunak. Beraz, denera 4.675 kilo altxatu zituen Idoia Etxeberriak eta 3.112 kilo eta erdi Estitxu Almandozek.
Emakumezkoen egin duten hirugarren txapelketa izan zen igandekoa. Aitzineko biak 2008 eta 2010ean jokatu ziren. 2008an, Donostian, Maria Jose Sardonek lortu zuen lehen txapela, bi urte beranduago 2010eko maiatzaren 16an eta Aian ere, Idoia Etxeberriak bere lehen txapela lortu zuen. Geroztik ez zen txapelketarik jokatu.