IrriSarri Land Igantziko abentura parkeak hazten segitzen du, aisialdi eta abentura jarduera berrien bidez. Abuztuan, orain arteko jarduera eskaintza zabalari, abentura ibilbidea, interpretazio zentroa, paisaia ibilbidea, ostatu hartuta dauden pertsonentzako jarduera bereziak eta ikuslego zabalarentzako ikuskizun eta kontzertuak gehitu zaizkio.
IrriSarri Landeko abentura ibilbide berria pertsona guzieri zuzendutako jarduera da. Parkeko paisaia aberatsa ezagutzeko aukera eskaintzen du, eta etxeko txikienentzako abentura jarduerak ditu. Ibilbidea aparkalekuan abiatzen da, eta tibetar zubian amaitu. Helduek ibilbide atsegin bat egin ahal izango dute oinezkoentzako bidetik, paraleloki doan abentura ibilbidea segitu bitartean. Gazteek, aldiz, enborrezko bideak, arrokako eskailerak, sokazko igarobideak, tximino jauziak, zuhaitzetako zirkuituak, sareak, tirolinak… igaroko dituzte, eta zuhaitzean jarritako txabola ezagutzeko aukera ere izango dute. Ibilaldia tibetar zubian amaitzen da, era independentean bisitatu daitekeen igarobidean; 140 metro luze da, eta 50 metroko altueran dago.
Abentura ibilbidea osatzeko gutxieneko adina 7 urte da, eta 12 urtez azpikoek heldu batek lagunduta egin beharko dute bidea. Gainera, segurtasun ekipoa eramatea ezinbertzekoa da (arnesa eta kaskoa); Jolastokiko check-in gunean eskuratu behar dira.
Abentura ibilbidea Baxiko Tiketean barneratuta dago, eta ez da zenbateko gehigarririk ordaindu behar.
Interpretazio zentroa eta paisaia ibilbidea
Abentura ibilbidea ez da berrikuntza bakarra. Izan ere, finkaren eta parkearen ezaugarriak ezagutzeko aukera eskaintzen duen Interpretazio Zentroa ezarri dute Yrisarri Jauregitik hurbil. Hainbat taularen bidez, inguruotako flora eta faunaren, Yrisarri Jauregiaren historiaren, uraren garrantziaren edota harrobia bezalako tokiko eraikinen, belar-meten, ikaztegien eta zentral hidroeletrikoen berri izango dute bisitariek.
Zentrotik bertatik abiatzen da, era berean, paisaia ibilbidea. Zailtasun urriko 3,5 kilometroko ibilbidea oso dibertigarria da adin guztietako pertsonentzat, IrriSarri Land parkea zeharkatzeko eta inguruak hobeto ezagutzeko aukera ematen baitu. Ibilbidean zehar hainbat mugarri daude, besteak beste, harrobia, zentral hidroelektrikoa, belar-meta, artzainaren borda... Espezie anitzeko basoen artetik eta bazkatzen diren abereen ondotik igarotzen da bidea, eta inguruko herri eta mendien ikuspegi zoragarria eskaintzen du.
Interpretazio zentroa eta paisaia ibilbidea ere Baxiko Tiketean barneratuta daude.
Jarduerak eta ikuskizunak
Bertzetik, parkean ostatu hartuta dauden pertsonek jarduera bereziak egin ditzakete astelehenetik ostiralera. Enduro tailerrak, zirkua, orientazio ikastaroak, saskibaloi txapelketak, disko-festak eta gidatutako ibilaldiak dituzte aukeran, bertzeak bertze. Asteburuetan, pertsona ororentzako ikuskizun eta kontzertuak antolatzen hasi dira iluntzetan.
Abuztuan, azkenik, haur eta helduentzako Enduro ikastaroak egingo dituzte.