Urte osoan egiten duten lana eskertzeko, Berako udalak herriko lau ikastetxeetako Guraso Elkarteen ordezkarien esku utzi zuen aurtengo besten txupinazoa. Zozketaz, lehen suziria Ricardo Baroja eskola publikoko Maxux Alzugurenek piztu zuen, Toki Ona institutuko Juan Carlos Perezek bigarrena, Labiaga ikastolako Bea Artolak hirugarrena eta Jesusen Bihotza ikastetxeko Gloria Rodriguezek laugarrena. Ikusi argazkiak
Suzirien ondotik, erraldoiak eta buruhandiak ibili ziren karrikaz karrika. Erraldoien konpartsan, Braulio Escagues, Antonio Rodrighuez “Ttarratto”, Carlos Pacheco, Juanma Otamendi, Juan Carlos Garro, Carlos Alzugarai, Juanjo Dagerre eta lehen aldiz atera den Joseba Lasarte aritu ziren dantzari. Hain zuzen, plazan egin zuten lehen dantza Ttarrattok asmatutako koreografia bat omen zen.
Lehen aldiz, azken egunera arte esperatu beharrean, herri bazkaria Herriko Etxeko plazan egin zen txupinazoaren ondotik. 280 lagunek bazkaldu zuten, giro ederrean.
Bazkalondoko plazatik plazarako kalejiraren ondotik, Altzateko plazan Tajon Prieto y los kuajalotes taldea aritu zen.
Ortziralean ere ekitaldiak
Txupinazoa larunbat eguerdian bota baldin bazuten ere, ortziraletik ere zenbait ekitaldi egin ziren. Aipagarrienak, Gure Txokoa dantza taldearen jaialdia, hau ere lehen aldiz Herriko Etxeko Plazan egin zena eta aitzinetik, San Jose Zahar Etxeko bizilagunek egin zuten familia bazkaria.