Julio Caro Baroja gogoratuz bixita gidatu jendetsua egin zen Beran

TTIPI-TTAPA 2014ko uztailaren 25a

Argazkian ageri denez, dantzariek, bertsolariek eta musikariek parte hartu zuten ekitaldian. Utzitako argazkia

Bere jaiotzaren mendeurreneko ekitaldien baitan

Udako Ikastaroen baitan Berako Udalak, EHUrekin elkarlanean, bisita antzeztua antolatu zuen Beran barna uztailaren 24an, Herriko etxeko plazatik Itzearaino. Saioa elebiduna izan zen, dohainik eta jende guztientzako irekia eta herritar aunitzek parte hartu zuen. Ibilbide honetan Julio Caro Barojaren lanari errepasoa eman zitzaion herriko musikari, antzerkilari eta dantzariez lagunduta. Bertzeen artean, Berako abesbatza, Gure Txokoa dantza taldea, txistulariak, Julen Zelaieta eta Patxi Castillo bertsolariak, eta bertzelako talde eta artista batzuk aritu ziren. Ikusi argazkiak

Uda Ikastaroen baitan Berako Udalak, EHUrekin elkarlanean, bisita antzeztua antolatu zuen Beran barna uztailaren 24an, Herriko etxeko plazatik Itzearaino. Saioa elebiduna izan zen, dohainik eta jende guztientzako irekia eta herritar aunitzek parte hartu zuen. Ibilbide honetan Julio Caro Barojaren lanari errepasoa eman zitzaion herriko musikari, antzerkilari eta dantzariez lagunduta. Bertzeen artean, Berako abesbatza, Gure Txokoa dantza taldea, txistulariak, Julen Zelaieta eta Patxi Castillo bertsolariak, eta bertzelako talde eta artista batzuk aritu ziren. Ikusi argazkiak

Aipatzekoa da, Altzate karrikan besten aurrerapena ere izan zela, Xanti Altzuguren zinegotziak bandera dantzatu baitzuen eta Gure Txokoako dantzariek Bordondantza. Behin Itzeara ailegatuta, Pio Caro Barojak hitza hartu zuen eta eskerrak eman zizkien beratarrei halako ekitaldi jendetsu batekin bere anaia zena gogoratzeagatik.

Julio Caro Barojaren omenezko ikastaroa ere izan zen uztailaren 24an, goizean Donostiako Miramar Jauregian, EHUko Uda Ikastaroen baitan.

 

Erakusketak, bere lana ezagutzera emateko

Don Julioren arrastoa izenburupean, Julio Caro Barojaren jaiotzaren mendeurrena gogoratzeko ekitaldiek segida izanen dute aitzinera begira ere. Denetara lau erakusketa bisitatu ahal izanen dira hurrengo hilabeteetan Beran. Lehenbizikoa, uztailaren 31tik irailaren 14ra iraganen da Berako kultur etxean, Berako Udalak eta Nafarroako Gobernuak elkarlanean antolatua . Bere izena daraman museo etnografikotik ekarritako Berako baserrietako lanabesen erakusketa izanen da, Juliok berak egindako marrazki batzuekin eta bertzelako argazkiekin osatuko dena, baserriko bizimodua jasoko duena. Erakusketa egunero egonen da ikusgai, goiz eta arratsaldez.

Bigarren erakusketa, berriz, urriaren 3tik 26ra egonen da ikusgai, baina honako hau Berako dendetako erakusleihoetan eginen da. Berako hainbat margolariren lanak paratuko dira, karrikak alaitzeko.

Urriaren 24ean irekiko da hirugarren erakusketa, Julioren lana eta figura modu artistiko batean erakutsiko dituena, ikus-entzunezko, koadro, argazki eta marrazkien bidez. Hilabetez egonen da zabalik, kultur etxean, azaroaren 23a bitarte.

Laugarren erakusketa urtero Lurraren Egunaren aitzakian Rosa Errandoneak paratzen duena izanen da, aurten Barojatarrei lotua egonen dena.

 

Hitzaldiak, musika eta antzerkia

Musikazale handia izan zen Caro Baroja, eta horregatik, musikak ere toki berezia izanen du programan. Txistularien topaketaren ondotik, irailaren 5ean, organo, gaita eta txistu kontzertu bat eginen da, San Esteban elizan.

Iraila eta urrian zehar, berriz, hitzaldi sorta bat antolatu da. Bertan ariko dira Jose Antonio Azpiazu, Fermin Leizaola, Koro Iratzoki eta Juainas Paul, irailaren 19 eta 26an, eta urriaren 3an. Urriaren 10ean, berriz, gertutik ezagutu zuten herritarrek euren bizipenak kontatuko dituzte.

Omenaldiko ekitaldiak azaroaren 9an eta 15ean bukatuko dira. 9an Emaitza antzerki taldeak “Don Julioren bidaiak” antzezlana aurkeztuko du, eta 15ean omenaldi-ekitaldia batekin bukatuko dira mendeurreneko ospakizunak.

 

Zugarramurdin ere bai

Zugarramurdiko Sorginen Museoak ere bat egin nahi izan du ekitaldiekin, eta Berako lantaldearekin elkarlanean, hiru ekitaldi antolatu ditu. Irailaren 15etik 30era, museoan bertan, Nafarroako Gobernuak antolatutako “Navarra intensa” erakusketa ikusi ahal izanen da. Irailaren 20an akelarrea prestatu dute lezean, eta bertan parte hartuko dute Bera eta Zugarramurdiko musikari eta antzerkilariek. Irailaren 27an, berriz, Koro Iratzoki eta Juainas Paul sorginkeriaz ariko dira hitzaldi batean.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun