Nafarroako Herriartekoa bigarrenez irabazi du Berak

TTIPI-TTAPA 2014ko uztailaren 24a

Txapeldunak eta txapeldun ordeak, federazioko, Nafarroako Gobernuko eta Berako udaleko ordezkariekin batera. Diario de Noticias

Lau partidetatik hiru irabazi zizkion Uharteri

Nafarroako Herriarteko Pilota Txapelketaren historian, bere bigarren txapela jantzi du Berako taldeak. Duela 35 urte jantzi zuen lehendabizikoa, orduan Lizarrari irabazita, eta aldi honetan, uztailaren 5ean Iruñeko Labriten jokatu zen finalean Uharteren kontra nagusitu zen. Lau partidetatik hirutan gailendu zen Berako taldea.

Alebinetan, partida berdindua jokatu zuten Berako Asier Telletxea eta Josetxo Sesek eta Uharteko Oscar Jamar eta Gaizka Esainek. Azkenean, 16-18ko markagailuarekin beratarrak nagusitu ziren.

Infantiletan, erraz nagusitu ziren beratarrak. Beñat Ordoki eta Jonan Fagoaga lesakarrak aritu ziren Berako taldean eta Uharteko Unai Elizalde eta Unai Urizen kontra. 5-18 irabazi zuen lehendabiziko bikoteak.

Jubeniletan, bi aurre­larirekin aritu behar izan zuen Berako taldeak, finalerdietan bezalaxe. Beñat Mitxelena eta Andoni Lazkanotegik jokatu zuten, atzelari ari­tzen den Jon Olaizola eskuko minarekin zegoelako. Uharteko Joseba Sarasa eta Iñigo Larunbe izan zituzten arerio eta azken hauek 22-3 irabazi zieten.

Seniorren mailako partida erabakiorra izan zen. Oraindik ere lehen urteko jubenilak diren eta hala ere, txapelketako partida guztiak irabazi dituzten Ander Erran­donea eta Iñigo Martinez izan ziren Berako ordezkariak. Uharteko Oier Loban eta Iosu Linzoainen kontra aritu ziren eta 13-22 irabazi zieten. Giro polita sortu zen Iruñeko Labriten eta Beratik hiru autobusetan eta autoetan joandako dozenaka eta dozenaka jarraitzailerekin batera ospatu zuten pilotariek garaipena. Herrira bueltan ere, Al­tzateko pilotalekuan herri bazkaria izan zuten.

ORAIN EUSKAL HERRIKOAN

Nafarroakoa irabazi orduko Euskal Herriko Herriartekoari ere ekin dio Berak, Hego Euskal Herriko bertze hiru he­rrialdetako txapeldunekin batera. Finalerdian Amurrioren kontra aritu da eta Araban hiru partidetatik bi irabazi zituen Berak. Asteburu honetan zuten itzulerakoa Eztegaran eta finalerdia gaindituz gero, Gernika edo Donostia esperoan izanen dituzte finalean.

TXAPELDUNAK

1970 Altsasu

1971 Oroz-Betelu

1972 LEITZA

1973 LEITZA

1974 Oroz-Betelu

1975 Oroz-Betelu

1976 Larraun

1977 Oroz-Betelu

1978 Larraun

1979 BERA

1980 GOIZUETA

1981 Larraun

1982 Lizarra

1983 GOIZUETA

1984 Larraun

1985 Lizarra

1986 GOIZUETA

1987 Iruña

1988 Larraun

1989 Iruña

1990 GOIZUETA

1991 GOIZUETA

1992 GOIZUETA

1993 Iruña

1994 Uharte Arakil

1995 Lizarra

1996 Lizarra

1997 Lizarra

1998 Lizarra

1999 Iruña

2000 BAZTAN

2001 BAZTAN

2002 Lizarra

2003 Lizarra

2004 Uharte

2005 Lizarra

2006 Lizarra

2007 LEITZA

2008 Uharte

2009 Iruña

2010 BAZTAN

2011 DONEZTEBE

2012 DONEZTEBE

2013 Iruña

2014 BERA

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun