Kirol kontuekin segituz, uztailaren 26ean jokatuko da Alkaiaga Trail lasterketaren bosgarren edizioa, Manttalek eta Alkaiagako besta batzordeak antolatua. Hirukotez osatutako taldeek erreleboka egin beharreko proba izanen da, eta guttienez neska batek parte hartu beharko du talde bakoitzean. Emakumezkoek 2,1 kilometroko ibilbidea osatu beharko dute Meakako parajetik iraganda eta gizonezkoek berriz 3,1 kilometroko lasterketa Baldrun-Sorotik buelta eginez.
Lasterketa larunbat arratsaldeko 6etan izanen da helduentzat eta aitzinetik gaztetxoentzako saioa izanen da, 17:30etik aitzinera. Giro herrikoia izaten du lasterketak, nahiz eta antolatzaileek kartelean txantxetan diotenez, «Munduko Mendi Koparako puntuagarria izanen da».
Izen ematea doan egin daiteke Zelaieta estankoan, Xugan, Pikabea harategian edo bertan egun berean. Proba ondotik, herri afaria eginen da. Txartelak salgai daude 10 euroren truke, egunean bertan Alkaiagan edo Pikabea harategian aldez aurretik txartela hartuta.