Berako lehenengo Gau lasterketa eginen da abuztuaren 1ean, ortziralarekin, Manttale mendi lasterketa taldeak antolatua. Lasterketa herrikoiak 7,4 kilometro izanen ditu eta 300 metroko desnibel positiboa, eta Berako karriketatik eta inguruetatik pasako da ibilbidea. 22:30ean emanen zaio hasiera probari, Gure Txokoak antolatutako herri dantza ekitaldiaren ondoren.
Bi kategoriatan banatuko dira sailkapenak, (gizonezkoen absolutua eta emakumezkoen absolutua) eta gainera, bertze sailkapen bat izanen da peña edo koadrillentzako. Hauek hiru pertsonetako taldeak aurkeztu beharko dituzte eta lehenengo hiru koadrillek sariak izanen dituzte. 5 euro izanen da parte hartzearen prezioa eta egunean bertan eginen da.
Ibilbideak errepidea eta Bera inguruko bidaxkak hartuko ditu eta hurrengo hau izanen da: Altzateko Parkea (irteera), Altzate karrika, Mukixu, Julio Caro Baroja karrika, Ugalzubia, Matzada, Illekueta, Altzateko plaza, Altzate karrika, Legia, Herriko etxea plaza, Gernikako arbola karrika, Xubixabal, Bidasoa karrika, Espidobaita (Kaxernara eskilaretatik igo), Kaxerna, Garmendiko Borda, Mitxinborda, Egurregi, Garakoetxeko Borda, Sarron, Lamixene, Illekueta, Altzateko Parkea (helmuga). Guztira 7,4 kilometro izanen dira, 300 metroko desnibel positiboarekin.
Manttale Taldeak 100 pertsonetan jarri du parte hartzaileen muga. Horretaz gain korrikalariek frontala eraman behar dute derrigorrez, nahiz eta ibilbidea ongi seinalizatuta egonen den argi eta zinta fluoreszenteen bidez.