Euskal Herriko Herriarteko pilota txapelketaren finalean ere izanen da Bera

TTIPI-TTAPA 2014ko uztailaren 21a

Eztegara pilotalekuko harmailak kasik beteak ortziral arratsaldean, Amurrioren kontrako finalaurrekoaren itzulerakoan. Utzitako argazkia

Uztailaren 26an ariko dira Donostian eta autobusak eta afaria antolatu dituzte oraingoan

Nafarroako Herriarteko pilota txapelketa irabazi ondotik, Euskal Herrikoa irabazteko aukera ere izanen du Berak. Amurrio menpean hartu du finalerdikoan eta orain Donostiaaldea esperoan izanen du finalean. Hain zuzen, uztailaren 26an, larunbat arratsaldeko 4:30ean hasita jokatuko dira finalak Donostiako Atano III pilotalekuan eta Beratik hiru autobus jarriko dituzte eta afaria ere antolatu dute Zalainen. Ikusi argazkiak

Nafarroako Herriarteko pilota txapelketa irabazi ondotik, Euskal Herrikoa irabazteko aukera ere izanen du Berak. Amurrio menpean hartu du finalerdikoan eta orain Donostia esperoan izanen du finalean. Ikusi argazkiak

Hain zuzen, Donostialdeko taldea izanen du arerio eta uztailaren 26an, larunbat arratsaldeko 4:30ean hasita jokatuko dira finalak Donostiako Atano III pilotalekuan eta Beratik hiru autobus jarriko dituzte eta afaria ere antolatu dute Zalainen.

Finalerdietako joanekoan Amurrion hiru partidetatik bi irabazita, ongi bideratua zuen finalerako txartela Berak. Ortziralean jokatu ziren itzulerako partidak Eztegaran.

Kadete mailan, Berako Oihan Canabal eta Harri Maritorenak 16 eta 22 galdu zuten Amurrioko Bellido eta Eizagirreren kontra. Benetan partida gogorra jokatu zuten. Maritorenari lehenengo tantotik eskuin besoa blokeatuta gelditu zitzaion eta ezin zuen eskuin eskuarekin jo .Canabalek partida bikaina egin zuen eta eskerrak, Maritorena nola zegoen ikusita, tanteoa hagitz txarra izaten ahal zelako.

Jubenil mailan, Berako Beñat Mitxelena eta Jon Olaizolak 22 eta 13 irabazi zieten Landaluze eta Arregiri. Berako bikoteak sendo jokatu zuen eta alde politarekin irabazi. Aipatu behar da aspaldiko partez Olaizolak bi eskuekin ederki eman ziola pilotari. Albiste ona pilotariarentzat, gaizki pasatu duelako azken hilabeteetan.

Seniorren partidan, Berako bikoteak aski zuen 7 tanto egitea finalerako txartela lortzeko, baina orain arte ez dute partida bakar bat ere galdu Ander Errandonea eta Iñigo Martinezek Nafarroako eta Euskal Herriko Herriartekoan eta bide horretan segitu nahi zuten. Baita lortu ere, 22 eta 19 irabazi baitzieten Dorronsoro eta Legarretari, partida bikain eta borrokatu batean.

Aipatu bezala, uztailaren26an, larunbat arratsaldeko 4:30ean hasita jokatuko dira Bera eta Donostialdearen arteko finalak. Bortziriak pilota elkarteak, Berako Udalaren laguntzarekin hiru autobús jarrito ditu Donostiara joateko. Agara prentsa dendan salgai jarri dira txartelak eta bi aukera izanen dira: Autobusa eta finalerako sarrera nahi duenak 6 euro ordaindu beharko ditu eta Zalainen afaria nahi duenak 11 euro gehiago. Bakoitzak aukeratu dezake zer plan egin. Zalainen afaltzen dutenei, autobusak eramanen die afalondoan Berarat.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun